Azken urteotan, komunikazio eta informaziorako teknologien garapena baliatuz erakunde publikoek datu ugari paratzen dute euren atarietan gardentasunaren izenean. Baina nahikoa al da hori bestelako gobernantza eredu bat bultzatzeko? Aurtengo Euskarabildua jardunaldian Gobernu Irekietarako behar diren teknologien inguruan hausnartuko dute.
Barack Obamak 2009an Transparency and Open Government memoranduma aurkeztu zuenetik eta 2011n plazetan herri mugimendu berriak sortu zirenetik, tresna berritzaileen bidez informazio ugari zabaltzen dute erakunde publikoek euren atarietan.
Aitzitik, software librearen filosofiatik abiatutako doktrina edo “gobernu irekia” baterako beste osagai batzuk ere ezinbestekoak dira, Armel Lecoz eta Ciry Lageren diagramaren arabera: parte hartzea eta lankidetza. Eta inoiz baino informazio gehiago dugun arren, badirudi inoiz baina lotura txikiagoa dagoela erakunde publikoekin.
Urriaren 25ean Donostiako San Telmo Museoan egingo den Euskarabildua jardunaldietan, gobernu ireki hori lortzeko behar diren teknologien inguruan hausnartuko dute hain zuzen. Besteak beste, hitz egingo dute Xabier Barandiaran filosofoak, Aragoiko Gobernuko Raul Olivánek –herrialde horretan sortu duten gobernu irekirako laborategiaz–, eta Errenteriako Udaleko Eñaut Graciak.
Iametza Interaktiboak eta Ametzagaiña Taldeak antolaturik, jardunaldietan garrantzia berezia izango dute herritarrek datu irekien gainean duten ardura eta erantzukizunari buruzko iritziek. Javier Bikandi Eusko Jaurlaritzako Irekia.eus atariko arduraduna arituko da gai horretaz, baita Deustuko Unibertsitateko Miren Gutierrez eta HirikiLabs-eko Ibai Zabaleta ere, nor bere eremutik.
Eta jakina, gardentasun eta parte hartze atari horietan euskararen presentzia zein den ere aztertuko dute. Eli Pombok eta Marko Txopiteak gure hizkuntzak halako teknologia libreekin duen harremanaz hitz egingo dute. Amaitzeko, bogan dagoen pribatutasun legeaz ariko da, bere aldetik, Biantik kooperatibako Ion Turrilas
Jardunaldietan izena emateko epea zabalik dago oraindik eta www.euskarabildua.eus atarian sartu besterik ez dago.