argia.eus
INPRIMATU
Erakundeek jai herrikoiak baztertu dituztela salatu dute Hegoaldeko lau hiriburuetako kolektiboek
  • Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jai herrikoien antolatzaileek ohar bateratua argitaratu dute. COVID-19arekin lotuta hartu diren erabakiak beraiekin hitz egin gabe hartu direla salatu dute eta Euskal Herri osoko jai batzordeei dei egin diete festa eredu horren alde antolatzeko.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a
Erakunde publikoek jaiak bertan behera uzteko erabakia nola hartu den kritikatu dute jai herrikoien aldeko kolektiboek. Argazkian, Bilboko Marijaia.

Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako jai herrikoiak antolatzen dituzten kolektiboek ohar bateratua argitaratu dute koronabirusaren krisiarekin lotuta hartutako erabakiak baloratzeko. Testu horretan diotenez, “egoera gogor honetan balore batzuk indartuta atera dira: elkar zaintza, herritarron saretzea eta osasuna eta bizitzak defendatzeko grina”. Dena ez da hain positiboa izan, ordea, mugimendu hauen arabera: “Beste batzuek euren erabakiak euren buruei begira hartzen aritu dira, eta erabakiak inondik inora ere konpartitu gabe hartu dituzte”, adierazi dute lau hiriburuetako udalek jaiak bertan behera uzteko erabakiei erreferentzia eginez.

Jai herrikoien aldeko kolektiboek ez dute erabakia bera zalantzan jartzen, “baizik eta erabakia hartu den forma. Azken batean, erabaki hauek modu ez konpartituan eta aldebakarrez hartu dira. Horrela izanda, erabakiak balioa galtzen du guretzat”.

“Baztertuak” izan direla salatu dute, jaiak bertan behera geratuko zirela publikoki adierazi baino pixka bat lehenago informatu dituztela edo, zuzenean, prentsaren bidez jakin dutela, “udalekin etengabeko harremanetan egon garen arren”. Funtzionatzeko modu hori ikusita, jai herrikoiak bigarren planoa utzi dituztela uste dute.

Instituzioen funtzionatzeko modu hori kritikatzearekin batera, jai herrikoien garrantzia gogora ekarri dute: “Garai gogor hauetan herritarrok inoiz baino gehiago behar dugu jaiek ematen diguten alaitasuna, kolorea, kolektibotasuna. Eta hori modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dugu, denon parte hartzea oinarri hartuta”. Hori kontuan izanda, Euskal Herriko jai batzorde guztiak animatu dituzte jai herrikoien alde antola daitezen, “beti ere osasun eta segurtasun neurri guztiekin”. Iruñean Sanfermin “berezi baina alai” batzuk izango direla azaldu dute; Gasteizen, balkoitik edo leihotik bada ere Zeledon agertuko dela; Donostia abordatuko dutela piratek; eta Bilbon ere Marijaiaren irria zabalduko dutela.