argia.eus
INPRIMATU
LAB
“Erakunde publikoek berdintasun planak itxura egiteko baliatzen dituzte, ez diskriminazio egoera iraultzeko”
  • Berdintasunerako barne planen egoera Hego Euskal Herriko erakunde nagusietan txostena aurkeztu dute LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberriak eta Izaskun Guarrotxenak (LABen webgunean dago txostena eskuratzeko aukera). Ondorio nagusi hau azpimarratu du sindikatuak: "Ekintzetan oinarrituta, instituzioek utzikeria erakutsi dute berdintasun-politika teorikoak errealitatera eramateko eta beren legeak betetzeko". 

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 21a

Oroitarazi dutenez, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik bi udaletxek baino ez dute berdintasunerako barne planik: Gasteiz eta Donostia. Iruñeak ez du inoiz planik izan, eta orain, lehen aldiz, plana egiteko diagnostikoa egiten ari dira. Bilbok lehenbizikoa egin zuen 2014tik 2017ra, eta inoiz ez du gaia berriro jorratu. Gasteizek hiru urteko geldialdia izan zuen lehena amaitu ondoren (2016/2018), eta "bigarrenaren prestaketa oso gatazkatsua izaten ari da, gobernu taldearen borondate faltagatik. Hiru urte geroago, puntu garrantzitsuetan ez da akordiorik lortzen" azaldu du LABek.

"Aldundietan ez da giro hoberik arnasten"

Arabak bakarrik du barne-plana, eta duela gutxi onartu da (2021ko uztailaren 7an), sindikatuen gehiengoaren adostasunik gabe. Bizkaia eta Gipuzkoak ez dute planik, "eta ezer abian jartzeko borondate politiko gutxi sumatzen da" gaineratu du LABek. Nafarroako Gobernuak 2006-2010erako plan bat prestatu zuen, baina ez zen gauzatu, eta gaur egun diagnostikoa egiten ari da, bigarrena diseinatzen hasteko.

"Eusko Jaurlaritzaren planaren %30a ere ez da bete"

LABek azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritza: Une honetan I. Planaren ebaluazioa egiten ari da, eta daukagun informazioaren arabera ez da %30a bete. Gainera, hurrengo planerako diagnostikoa lantzen ari dira".

Sindikatuak azaldu du orokorrean, martxan jarri diren plan guztiak ez direla bere osotasunean bete: "Harrigarria da berdintasunaren alde egiten dutela esan, eta diskriminazioarekin amaitzeko neurriak dituzten plan estrategikoak diseinatzen dituzten alderdi politikoetako agintariek, ez aplikatzea beren irizpide propioa gobernatzen ari diren erakundeetan barne-planak egiteko exijitu eta zorrotzak izateko".

"Interes gutxi dagoela" esan du LABek, "Hego Euskal Herriko foru, toki-administrazio eta autonomia-esparruko erakunde publiko handietan berdintasunerako barne-planak abiarazteko edo betetzeko. Halaber, esan dezakegu erantzunkidetasun berritzaileko neurriak abian jartzeko erresistentzia handia dagoela, baita negoziatzeko borondate politikorik eza ere".

Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak

Ondorio hauek atera ditu LABek: "Uste dugu emakumeen diskriminazio-egoera aldatzeko tresna bat diren berdintasun-planak ez direla baliagarriak izan helburua betetzeko, baizik eta erakundeen aurpegi-garbiketa eta berdintasunarekiko konpromisoa duten itxura egiteko erabili dira. Ezin dugu esan urte hauetako berdintasun-politiken ondorioz erakundeetako emakume langileen egoera hobetu denik. Izan ere, beste gauza batzuen artean, emakumeak dira oraindik interinitate egoeran dauden eta lanaldi partzialak dituztenen gehiengoa".

Horregatik guztiagatik, eskatu dute "berdintasun-plan errealak, eraginkorrak eta negoziatuak martxan jartzeko, erakundeetan gaur egun emakumeok jasaten dugun diskriminazio-egoera iraultzeko. Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak".