Arrazakeriaren eta Intolerantziaren Aurkako Europako Batzordeko kideak (AIAEB), Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Erakundeak (ESLE) eta Erresuma Batuko Arraza Erlazioen Institutuak (AEI) adierazi dute gorroto delitua diskriminatutako taldeei laguntzeko sortu zela eta ez funtzionario publikoei.
Gorroto delitua hainbat kasutan erabili da azkenaldian Espainiako Estatuan, besteak beste, Ahora Madrideko Rommy Arceren eta manteroen bozeramaile den Malick Gueyeren kontra Madrilgo Lavapies auzoan hildako manteroaren kasuan; Altsasuko gazteen kasuan edota Seu d’Urgeleko irakasleen kasuan. Azken horien alde atera zen Lleidako Auzitegia esanez Guardia Zibila ez dela “baztertutako edo mehatxatutako” talde bat.
Liz Feketek, AEIko buruak, esan du harrituta dagoela kasu horiekin. Erakundeak gorroto krimenak aztertzen ditu Europar Batasun barruan baina Espainiako Estatuan kontzeptua nola erabiltzen duten ikusita “ikaratuta” dagoela esan du.
Thomas Rymer-ek, ESLEko bozeramaileak, pertsona baten lanbidea diskriminazioaren kausa izan daitekeela ukatu zuen. Arraz, etnia, hizkuntza, erlijioa, nazionalitatea, sexu-joera, edo antzeko ezaugarriengatik jasandako diskriminazioa biltzen du “gorroto delituak”, baina polizia izate hutsa ez.
Wolfran Bechtel AIAEBko abokatuak Publicori egindako adierazpenetan dio “polizia agente bat, printzipioz, izan daitekal gorroto delituaren biktima, adibidez arrazoi arrazistengatik iraintzen baldin badute”, baina Espainiako Estatuko kasua ez dela hori dio.