argia.eus
INPRIMATU
Erakunde armatuko kidetza delitua kendu diete Causa Galizako bederatzi auzipeturi
  • Guardia Zibilak polizia operazio egin zuen 2015ean, Causa Galiza erakunde armatu baten “beso politikoa” zela argudiatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak akusazioa beheratu die orain, eta terrorismoa goratu izana leporatzen die militante independentistei. Causa Galizak adierazi du ebazpen berriak operazioaren oinarri politikoa agerian uzten duela, eta bere proiektu independentistaren alde lanean jarraituko duela.  

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 15
Argazkia: causagaliza.org.

Causa Galiziak berak jakinarazi duenez, atzera egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak erakunde armatuko kidetza delitua egozten zien bederatzi militante independentisten aurkako akusazioan . 2015eko urrian eta Jaro Operazioaren barnean, Guardia Zibilak polizia operazioa egin zuen Galizia osoan. Eloy Velasco epaileak terrorismo delitua egotzi zien atxilotuei, eta Causa Galizaren jarduna debekatu zuen behin-behinekoz. Causa Galizari erakunde armatu baten “beso politikoa” izatea leporatu zion epaileak, eta bederatzi independentistei erakunde horrentzako propaganda eta komunikazio lanak egitea.

Pixkana, ordea, orduko akusazioetan atzera egin du Auzitegi Nazionalak. 2016ko abenduan Causa Galizaren jarduna berriz ere baimentzea erabaki zuen salbuespen epaitegiak. Hilabete honen hasieran, bederatzi independentisten aurkako akusazioa aldatu du: erakunde armatuko kidetza delitua alboratu eta terrorismoa goratzea leporatzera pasa da. Hain zuzen ere, hori da Jaro II operazioan atxilotu zituzten Ceivar antolakundeko kideei egozten dieten delitua. Orain, hamabi akusatuen aurkako kausa sumario bakarrean bateratu dute.

Causa Galizak adierazi du hurrengo egunetan Auzitegi Nazionalak ebazpen berria emango duela sumario honen inguruan. Ebazpen horrek “kausaren artxibatze definitiboa” ekarri dezake, edo “atxilotutako independentista guztien edo haietako batzuen” prozesatzea.

Independentziaren aldeko lanean jarraituko du

Erakunde independentistaren irudiko, ebazpen judizialak arrazoia eman dio berak urteetan defendatutakoari: “Causa Galiza ez zen 'beso armatu' bat, eta bere militanteak ez zeuden jarduera ilegaletan murgilduak”. Jaro operazioarekin Guardia Zibilak “proiektu politiko” bat desegin nahi izan zuela salatu du, “Galiziarentzako proiektu kolonialaren antipodetan egote soilagatik”.

“Egitasmo politiko independentista bat, masa bokazioa duena, egunerokoan eragiteko gaitasunarekin. Independentziaren alde egiten duten eta erregimen autonomikoaren aurka dauden sektore herritarrak antolatzeko gaitasuna izango duena”, adierazi dute.