argia.eus
INPRIMATU
Erailketa sexistei aurre egiteko protokoloa berriztu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak
  • Euskal Herriko talde feministen ekarpenak jasoaz eraberritu dute mugimendu feministak erailketa sexisten aurrean erantzun bateratu bat emateko protokoloa. Testu amaitu gabea eta dinamikoa dela ohartarazi dute, "borroka feministaren joan-etorriek osatu eta moldatuko dutena".

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko uztailaren 20a
Urrian Bilbon egingo den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketen berri emateko prentsaurrekoa

Bizi proiektua Euskal Herrian daukan emakume bat erailtzen duten bakoitzean protokoloa aktibatzea da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak egiten duen lan garrantzitsuenetarikoa. Halakoetan, erailketaren aurka agertzeko, plataformak Euskal Herriko herri zein hirietan elkarretaratzeak deitzen ditu, eta erailketaren gaineko irakurketa bat egin. Denboraren igaroaz, baina, oraintsu arte erabilitako protokoloari moldaketak egiteko beharra azaltzen joan da, eta behar horiei begira lanean aritu dira buru belarri.

Batetik, elkarretaratze formatua txiki geratzen ari denaren sentipena eta honek eragindako frustrazioa adieraziz joan dira mugimendu feministako zenbait kide edo talde. Bestetik, Emakumeon Mundu Martxako plataforman parte hartzen duten emakume migratuen taldeak beste emakumeak interpelatu dituzte, Euskal Herrian egiten den indarkeriaren kontzeptualizazioa nahiko itxia dela azpimarratuz. “Orain arte, genero perspektibatik, gizon batek emakume baten kontra darabilen indarkeria zen indarkeria sexista edo patriarkala guretzat (…) baina egia da beste indarkeria mota batzuk ez ditugula inoiz landu feminismotik”, azaldu du Naia Torrealdai plataformako kideak. Hala bada, beharrizan hauek agerian, lanketa prozesu bati eman zioten hasiera.

Aipatu lanketaren parte izan ziren Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak iragan udan Donostian deitutako “Indarkeria Matxista Birpentsatzen” jardunaldiak. Deialdiaren helburua indarkeria mota ezberdinen gainean hitz egitea zen, feminismotik hauek ikusarazteko eta salatzeko zer egin zitekeen planteatu asmoz. Askotariko indarkeriak mahai gaineratzea bilatuz, denetariko emakumeek parte hartu zuten bertan: transexualek, aniztasun funtzionala dutenek, sexu langileek edota migratuek, besteak beste. Bertan jasotako ekarpenak protokolo berrituan txertatu zituzten, eta horrek ia Euskal Herriko herri eta hiri guztietara eraman ahal izan duten protokoloaren proposamen bat ateratzea ahalbidetu zien.

Iparraldean barrena protokoloa mugitzear daukaten arren, irailean egiteko asmoa dutela azaldu du Torrealdaik. Hango errealitatea hegoaldekoaren ezberdina bada ere, iparraldearekin “zubiak eraikitzeko asmoa” dutela dio. “Azkenaldian Euskal Herrian emandako emakumeen erailketa asko iparraldean izan dira” gaineratu du plataformako kideak, zubiak eraikitzeko premia azpimarratuz. Koordinazioa hobetzeko eta erantzun indartsu eta bateratuak emateko iparraldekoekin bilera bat egiteari garrantzitsua deritzotela adierazi du, baina momentuz Hego Euskal Herrian zentratu direla onartu.

Protokolo berrituaren gainean eztabaida egitea bilatu dute herriz herri eta hiriz hiri egindako biran. Eskualdeka, herri ezberdinetako talde feministekin batu dira, eta “eskualde, herri eta hiri bakoitzak errealitate ezberdinak bizi dituela” egiaztatu ahal izan dute. Horrek Euskal Herri mailan mugimendu feminista nola dagoen jasotzen duen mapa egitea ahalbidetu die. Herri eta hiri ezberdinetako talde feministei euren lan, baliabide eta oztopoen gainean galdetu diete, baita hauek protokoloari egindako ekarpenak jaso ere. “Porzesuan zehar protokoloa aldatuz joan da, baina dagoeneko badaukagu ekarpen guztiekin egindako bertsio definitiboa”, jakinarazi du Torrealdaik.

Protokoloaren berrikuntzak

Indarkeria ezberdinak erdigunean jarri dituen protokoloa izanik, indarkeriaren gaineko kontzeptualizazioaren bueltan lanketa egin du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Hala bada, sistema ezberdinek zapaltzen gaituztela eta indarkeria sistema artekoa dela ondorioztatu dute, eta “sistemarteko indarkeria” terminoaz jabetu. Hau hitzez adieraztea kontzientzia hartzeko eta zein tokitik hitz egiten dugun planteatzeko “aurrerapauso garrantzitsutzat” jo dute.

Sistema ezberdinek eragiten duten indarkeria azaleratzearekin borroka feminista sektorial bilakatzeko helburutik urruti, “honen aniztasuna ikusaraztea” bilatzen dute. “Berdinak izan ez arren kolektibo bat osatzen dugu eta borroka berdinean gaude", dio Torrealdaik. Prozesu honek, gainera, “euren gabeziei begiratzea” ahalbidetu diela azaltzen du, Euskal Herriko feminismoak oraindik oso zuria izaten jarraitzen duelako. “Zelan egingo dugu berba guk sistemarteko indarkeriari buruz, aniztasun horretatik berba egin dezakeen emakumerik ez badago gure artean momentu honetan”, planteatu dute beraien artean.

Aliantzei lotutako zehar lerro bat ere marratu dute protokoloan. Mugimendu feministatik sistemarteko indarkeriari erantzun bat emateko beharra azaleratu denez gero, beste herri mugimendu edota mugimendu sozialetako norbanako zein protokoloekin aliantzak egin beharra ikusi dute. “Borroka horien lidergoa hartzeko asmorik barik, baina bai keinu bat egiteko xedez”, azaldu du Torrealdaik. Feminismoa “aldaketa integral bat bilatzen duen mugimendua delako”.

Aniztasun funtzionalaren gaiari ere kolpe diote protokoloan, mugimendu feministan ere ikusezina den gaia izanik honi buruz hitz egiteko beharrizana nabari baitzuten. Fekoor erakundearekin hiru saio burutu dituzte gaia lantzeko. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak azpimarratu du aniztasun funtzionala daukaten feministen diskurtsoa barnean hartu behar duela mugimendu feministak. Izan ere, Torrealdaik ohartarazten duenez, “beraiek omisiotik bizi dute indarkeria” sarri. “Mugimendu feministak masak mugitzen dituen honetan manifestazio batean aniztasun funtzionala daukaten emakumeak non geratzen diren” planteatzeko beharra ikusten dute.

Borroka moldeei ere eskaini diete tartea. Zenbaitek elkarretaratze formatuak txiki geratzen doazen irudipena izan arren, mobilizazio formatu horri bere garrantzia ematen jarraitu nahi dute. Hala ere, borroka molde guztiak nola uztartu planteatzen aritu dira, mugimendu feministak erantzun bateratu bat emateko gaitasuna mantendu dezan.