argia.eus
INPRIMATU
Eraikiz kolektiboa
“Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”
  • Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko abenduaren 31

2024a, besteak beste, lotsak bandoz aldatu zueneko urtea bezala gogoratua izanen da. Aurten, zifra ofizialen arabera, sei hildako utzi ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian. 2003tik 125 dira dagoeneko. Internetek eta sare sozialek dimentsio berri bat eman diote matxismoari, misoginoen gotorleku bilakatuz, baina baita emakumeek salaketetarako gune segurua eraikiz ere. Arrakala bat ireki da eta ez dago atzera bueltarik, azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean mugimendu feministek egindako aldarriari jarraiki: gizonek ardurak hartzeko unea iritsi da.

Mezu hori izan da hain zuzen ere maskulinitate berrien eraikuntzan eta berdintasunezko gizartearen erdiestean lan egiten duen Eraikiz kolektiboak berriki plazaratu duen bideo batek zabaldu nahi izan duena. Kolektiboko Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Foralean izan ditugu gizonek aurretik dituzten erronkez hitz egiten.

Eraikiz kolektiboko kudeaketa taldeko kide Ander Magallonek iragarri duen bezala, urtarrilean Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ematen duten Nosotros-Noski maskulinitate berrien tailerraren beste edizio bat jarriko da martxan.