Hastapen gogorrak izan ziren Ziburuko ikastolarenak: Herriko Etxearekin adostutako eraikinetik bota nahi izan zituen auzapezak eta argindarra moztu zien, Polizia bidaltzearekin mehatxatu, isuna ezarri… baina elkartasun uholdea jaso zuen Kaskarotenea ikastolak eta aurrera egitea lortu du, hamar urte betetzeraino. Apirilaren 29an ospatuko dute.
2014ko ekainean zabaldu zen albistea: Ziburuko Herriko Etxeak erabaki zuen Kaskarotenea ikastolarekin zuen akordioa ez berritzea. Ondorioa: ikastola lurrik eta eraikinik gabe geratuko zen. Baina hainbat gurasok abiatutako proiektuari eutsi eta eraikinean jarraitzea erabaki zuten, beste alternatibarik eskaini ezean. Guy Poulou auzapezak epaitegietara eraman zuen kasua, eta ikastolak auzia irabazi zuenean, Paueko Auzitegira jo zuen auzapezak; bigarren horretan, Poulouren aldeko epaia eman zuten.
Hala, 2014ko irailean trabaz betetako bideari ekin zion ikastolak: eraikinetik botarazteko, argindarra moztu zien auzapezak –linterna eta kandelekin jardun behar izan zuten–, bertan jarraitzen zuten egun bakoitzeko 100 euroko isuna ezarri zieten, Polizia bidaltzearekin mehatxatu zituzten…
Txanponaren beste aldean, Euskal Herri osotik elkartasun uholdea jaso zuen Kaskaroteneak eta manifestazio jendetsua egin zuten Ziburun bertan, azaroan. Garbi azaldu zuen ikastolaren orduko lehendakari Laida Mujikak: "Ziburun ez gara hamar familia bakarrik, gure gibelean da Euskal Herri guztia”.
Garbi azaldu zuen ikastolaren orduko lehendakari Laida Mujikak: "Ziburun ez gara hamar familia bakarrik, gure gibelean da Euskal Herri guztia"
2015 urte hasieran, egoerari buelta ematea lortu zuten: Seaskak lur eremu bat erosi eta beste eraikin batean ekin zioten irakasle eta ikasleek. 15 haur ziren denera. Borroka horren guztiaren fruituak nabariak dira: 70 ikasle ditu gaur egun Ziburuko ikastolak. “Azkenean, gure ikastolak irtenbide duin eta iraunkor bat berreskuratu du, burasoen zorroztasunari eta Euskal Herri osotik jasotako elkartasunari esker”, kontatu dute Kazeta.eus-en. Gainera, Herriko Etxearekin nabarmen hobetu dute harremana.
Apirilaren 29an, ospakizuna
Hilaren 29an egingo ditu hamar urte ikastolak, eta egitaraua prest dute dagoeneko. Goizeko 11:00etan hasiko dute ospakizuna, Pontx pailazoarekin. Aperitifa, herri kirolak, animazioak, bazkaria, euskal kantak eta kontzertuak izango dira ondoren.