Osakidetzako hainbat ospitaletan iragazteko gaitasunik ez duten maskarak erabili dituztela jakin zen orain egun batzuk. Maskara horiek erabili ahal izan dituzten 2.274 langileri egin diete koronabirusaren froga, eta 64k positibo eman dute. Banatutako eraginkortasunik gabeko maskaren kopurua 13.000tik gorakoa da.
Osakidetzako langileak erabiltzen ari ziren Garry Galaxy markako Respirator Mask N95 maskarak ez zirela eraginkorrak, halaxe jakinarazi zuen apirilaren 13an Espainiako Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizatearen Institutu Nazionalak. Maskaren iragazteko gaitasun ezaren berri izan ostean, horiek ospitaleetatik erretiratu egin zituztela adierazi zuen Nekane Murga Osasun sailburuak, gehituz “maskara horiek erabili dituzten osasun langileak identifikatzeko, jarraitzeko eta arriskuak gutxitzeko neurriak hartzeko lanean” ari zirela.
Egun gutxiren bueltan, Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sanchezek jakinarazi du maskara akastun horiek erabili ahal izan dituzten 2.274 langileri egin dietela koronabirusaren proba. Horietatik 64k eman dute positibo. Datu horiek eman ondotik, adierazi du negatibo eman dutenen jarraipen zorrotza egingo dutela, “profesional eta pazienteen segurtasuna bermatzeko”.
Bi milia frogatik gora gauzatu dituzten arren, 13.000 Respirator Mask N95 maskaratik gora banatu ziren Osakidetzako langileen artean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuenez. Araba eta Gipuzkoako ospitaleetan aritu dira osasun arloko langileak horiek jantzita.
Hainbat sindikatuk salatu dute jazoera. Azpimarratu dute koronabirusaren agerpen momentutik babesgabetasun baldintzetan aritu direla lanean osasun arloko langileak.
Nafarroko osasun langileak ere eraginkortasunik gabeko maskarekin aritu direla jakinarazi du LABek. Sindikatuak salatu zuenez, apirilaren 12an langileek Erizaindegiko Arretako Zuzendaritzari jakinarazi zioten bilgarria berdedun FFPP 2 maskarak akastunak zirela, baina bost egun pasa behar izan ziren maskarak erretiratu arte; epe horretan langileak babesgabe aritu ziren lanean.
Sindikatuak ikerketa exijitu du, argitzeko maskarak erretiratu arte hainbeste itxarotearen zergatia eta jakiteko maskara horiek langileengana nola heldu diren.