“Izaera asanblearioa eta gazte perspektiba edukiko duen dinamika honen helburua, ludopatia eta beharrizanak aprobetxatuz gazteria galbidera eramaten duten enpresa hauei aurre egitea da”, azaldu dute Bilboko gazte prekarioen asanbladako kidek.
Bilboko gazte prekarioen asanbladak apustu etxeek eta joko Aretoek sortzen dituzten gaitzak azpimarratu nahi dituzte eta hauek auzo eta herrietatik desagertarazteko erremintak aurkitu nahi dituzte. Horretarako, hainbat betebehar zerrendatu dituzte.
Alde batetik, kirol apustuen publizitatea debekatu egin beharko litzatekeela uste dute (Italian egiten ari diren bezala). Bestetik, adingabekoek “zuzenean edo zeharka” apustu egiteko dituzten erraztasunekin bukatzeko neurri zorrotzak jartzea proposatu dute. Honez gain, ludopatía “gaixotasun” bezala hartzea eta tratatzea garrantzizkotzat jotzen dute eta Nafarroan drogodependentzia kasuetan sartzeko hartu den erabakian sakontzeko bidean jarraitu beharko litzatekeela uste dute.
“Kapitalismoak lanean esplotatuz eta hortik kanpo kontsumitzera
bultzatuz funtzionatzen du, gainbalioaren bidez lapurtu ezin izan
diguten dirua behar ez ditugun gauzetan xahutu dezagun, apustuetan kasu
honetan”.
“Apustu etxeek iragarkietan eta kirol taldeetan duten presentziaren gorakada esponentzialak apustuaren onarpen soziala handitu eta jokorako joera indartzeko bultzada izan da”, azaldu dute eta gazteria “arazo honen” biktma izatea, ez omen da kasualitatea.
Eraginek azaldu duenez, duela gutxi argitaratutako ikerketa baten EAEko 3 gaztetatik 1 apustuetan aritzen dela argitaratu da. Ildo berari jarraituz apustu etxeetara doazenen %66a 35 urtetik beherakoa dela ere azpimarratu du asanbladak: “Jokoan aritzen diren gazte horien %15ak ludopata bihurtzeko arrisku larria du”.
Datu orokorragoetara joanda, 2017an EAEn apustuetan 340 milioi euro xahutu zirela azaldu dute eta hori, 2016an baino %10,5 eta 2012an baino %113 gehiago dela Nafarroan ere igoera hori parekoa izan zela adierazi dute.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.