argia.eus
INPRIMATU
Eragileen adierazpenak Bilboko manifestazioaren aurretik
  • Bilboko mobilizazioan parte hartu duten eragileetako batzuek hedabideentzako adierazpenak eskaini dituzte manifestazioa abiatu aurretik. Hona hemen laburpen bat:

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 14a
Gaurko manifestazioaren irudi bat (Arg.: Dani Blanco)

Ainhoa Etxaide (LAB):  “Berriro ere gehiengoa kalean batuko da baina berriro ere euskal instituzio nagusiak faltako dira. Salatzen dugu EAJ, Jaurlaritzaren arduradun nagusia, hemen ez egotea. Gaur bi aukera zeuden: giza eskubideen alde egotea, euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen dugun eragileen ondoan egotea; edo Espainiako eta Frantziako estatuek inposatutako neurri bidegabeekin lerratzea”.

Urtzi Errazkin (Etxerat): “Euskal gizarteak bake justu eta iraunkorra nahi du eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu giza eskubide guzti-guztiak errespetatzea. Nola ez, senide eta lagunon eskubideak ere errespetatuak izatea nahi dugu, guk ere merezi dugu espetxe politika hau iraganeko kontua izatea”.

Maddalen Iriarte (EH Bildu): “Protagonismoa gaur hona Sarek deituta etorri diren herritarrena da. Ariketa bat eskatu nahi nuke: begiratu diezaietela etorri diren senitartekoei begietara, eta esan diezaietela zergatik egin behar dituzten astero-astero milaka kilometro eta zergatik jaso behar duten beraiek ere zigor hori”.

Pello Urizar (Eusko Alkartasuna): “Manifestazio hau egiten den bakoitzean adierazpen maltzurrak egiten dira haren helburuaz, eta garbi esan nahi nuke helburua ez dela ETAko presoen defentsa, EAn argi daukagu hori; helburua espetxean dauden gizon eta emakumeen eskubideen defentsa da. Espainiako legediak onartu egiten dituen baina erabaki politiko baten ondorioz bermatzen ez diren eskubide horiek”.

Rosa Rodero (ETAren biktima, pankarta eraman duenetako bat): “Hedabideetan entzun eta irakurri izan dudanaren ostean adierazi nahi dut ni hemen egotearen arrazoia giza eskubideen defentsa dela. Eta batez ere presoek etxetik hurbil egoteko duten eskubidearena. Bete behar den legedi bat dago, eta une oro defendatuko dut hori”.

Txiki Muñoz (ELA): “Estatuaren espetxe politika mendeku politika da. Estatuaren gerra zikinaren ekintzaileetatik bat ere ez dago kartzelan, borondate kontua delako. Eta PPk ez dauka inongo borondaterik geure herrian normalizazio politikoa aurrera eramateko. Estatuarekiko harreman eta negoziazioetan baldintza moduan jarri behar dira normalizazioa eta presoen eskubideak, bestela oso zaila izango da eskubide horiek betetzea”.