Larunbat honetan iraganen da manifestazioa Baionan, Azterketak euskaraz! eta Euskarari trabarik ez! leloak lehen lerroan jarriz. Hitzordua 17:00etan Suprefetura aitzinean jarri dute.
Euskal Konfederazioa, Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak, Euskal Herrian Euskaraz, Ipar Euskal Herriko euskal komunikabideak, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Iparra Hegoa, LAB sindikatua, EAJ, EH Bai... eragile andanak bat egin du apirilaren 22 honetan Baionan jarritako hitzorduarekin.
Azterketak euskaraz egitearen aldarrikapena ezarri dute lehen lerroan euskalgintzako eragileek, baina orokorragoa izanen da aldarria: euskaraz duintasunez eta trabarik gabe bizitzea. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskalgintzako eragileak biltzen dituen Euskal Konfederazioak euskara sustatzeko hizkuntza politika eraginkorra eskatuko du beste behin eta gaur egungoa hobetu beharra azpimarratu dute: "Hizkuntza politika blokeatua da. Euskararen Erakunde Publikoa tresna bat da, baina ez du baliabiderik bere lana egiteko", Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren hitzetan.
EEPren aurrekontua ahulegia izanik, ez daiteke hizkuntza politika eraginkorrik bideratu, eta gainera, euskararen alde ari diren eragileentzako diru-laguntzak ere eskasak direla dio konfederazioak: "Zer etorkizun du hizkuntza politikak berau biziarazten duten elkarteek behar bezala ibiltzeko baliabiderik ez badute?", galdetu zuen Euskal Konfederazioko Sebastien Castetek martxoan egindako prentsaurrekotik.
Izan Aek, Uda Leku, euskarazko komunikabideak ala beste, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileak baldintza kaskarretan doaz aitzina. Batetik hizkuntza ez delako ofiziala eta pairatu diglosia bortitza delako, eta bestetik, euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrik ez delako. Egoera hori salatzeko hitzordua izanen da larunbateko Baionako manifestazioa.
Seaskako ikasleak ere aritu dira modu askotan protestarako deia zabaltzen. Besteak beste, Baionako Estitxu Robles kolegioko 22 ikasle eta lau irakasle asteartean abiatu ziren Bordeletik Baionara: 200 kilometro bizikletaz, larunbateko manifestaziora iristea helburu. Bideo bidez ere dabiltza giroa berotzen: