Plastikozko platerak, edalontziak, mahai-tresnak, kotoi-zotzak, lastotxoak, eta bestelako erabilera bakarreko produktuak debekatuko ditu 2025etik aurrera Europar Batzordeak astelehenean onartutako zuzentarauak.
Bruselatik esan dutenez, neurri berriak erdira murriztuko du egun itsasoa gehien kutsatzen duten plastikozko hamar produktuen erabilera. Produktu hauek guztiak erabilera bakarrekoak dira, eta aurrerantzean material jasangarriekin ekoiztu beharko dira.
Zuzentaraua praktikan jartzeak 22.000 milioi euroko kostua izango du 2030ean. Neurriak CO2ren isuria ere murriztuko duela kalkulatu dute, 3,4 milioi tonatan.
Plastikoak itsasoko zaborraren %85 osatzen du, Europar Batzordearen datuen arabera. Gainera, era horretako zabor kopurua hazten ari da, poluzioa eragiteaz gain itsasoko fauna kutsatuz.
Bruselak esan du plastikoaren debekuak eragin ekonomiko “oso onuragarria” izango duela Europan: “30.000 enplegu baino gehiago sor daitezke”.