Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak Twitter bidez baieztatu du lehen bilkura burutu dutela gobernuak eta FARCeko (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak) disidentziek. “Erabateko bakea” dute xede, eta bilera askoren lehenbizikoa izan dela iragarri dute.
Kolonbia hegoaldeko Caqueta departamenduan elkartu dira ordezkariak: Kolonbiako Bakerako ordezkari berezi Ivan Danilo Rueda, FARCeko disidentzietako ordezkari Calarcá Córdoba, Alfonso 45, Ermes Tovar eta Érika Castro, eta baita Nazio Batuen Erakundeko (NBE) eta Norvegiako begirale bana ere.
Alde guztiek sinatu duten dokumentuan zehaztu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea, eta nazioarteko ordezkari neutralek hori ikuskatzea. Petroren ezkerreko gobernuak kargua hartu berritan jakinarazi zuen helburu dutela “erabateko bakea” eskuratzea; horretarako ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin bake akordio batera heldu nahi dute, eta beste disidentziekin akordio juridikoak adostu. Bestalde, FARCeko disidentziek argi utzi dute eurentzat zer den “erabateko bakea”: “Gatazka sozial eta armatua eragiten duten kausak desagerraraztea”.