Erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketa egingo dute Arrankudiagan eta Zollon azaroaren 2an, Ados plataformak deituta. Igandean aurkeztu zituzten galdeketaren xehetasunak. Galdera zehatza irailaren 5ean erabakiko dute.
Antolatzaileek azaldu dute “ibilbide eta sentsibilitate politiko, erlijioso eta kultural ezberdineko herritarrak” elkarlanean aritu direla batzen dituen helburua gauzatzeko: “gure herriak bere etorkizuna modu demokratiko eta baketsuan erabaki ahal izatea”.
Testuinguru horretan, antolatzaileek gogora ekarri dituzte Eskozia eta Katalunian udatik bueltan egingo diren kontsultak. Modu berean, Etxarri Aranatzen apirilaren 15ean egindako herri galdeketa eta ekainaren 8an Gure Esku Dago mugimenduak bultzatutako giza katea baloratu dituzte.
Herritarrei luzatuko dieten galdera oraindik zehazteke dago. Irailaren 5ean egingo duten batzarrean erabakiko dute. Hala ere, “gaur egun herritar eta herri gisa dugun estatusa aldatzeko aukera” proposatuko duela jakinarazi dute.
Emaitza edo parte hartzea baino garrantzitsuagotzat jo dute “herritarrei galdegin eta erabakia errespetatzeko ariketa demokratikoaz berri eman eta praktikara eramatea”.