argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzeko eskubidearen eztabaida berrartzeko eta sustatzeko eskatu die Gure Eskuk alderdi politikoei
  • Legealdiz legealdi, estatus politikoaren inguruko eztabaida edo bidea jorratzeko urratsak atzeratzen ari direla azpimarratu du Josu Etxaburu eledunak Eusko Legebiltzarreko batzorde batean: "Konpromisoak eskatzen ditugu hitzetatik harago ekintzak nagusitu daitezen eta herri honek merezi duen etorkizuna anbizio handienarekin landu dezagun".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko otsailaren 06a
Dagozkien ardurak eta konpromisoak hartzeko dei egin die Gure Eskuko Josu Etxaburuk legebiltzarkideei. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

"Esatetik egitera" pasatzeko unea dela azpimarratu eta konpromisoa eskatu die Gure Esku ekimenak Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei, "badelako garaia zezenari adarretatik eusteko". Bestela esanda, "etorkizunaren lema hartzeko garaia da".

Eusko Legebiltzarrean aspaldidanik gotortua eta utzia dago autodeterminazioaren, estatus politiko berriaren eta erabakitzeko eskubidearen eztabaida; Iñigo Urkullu lehendakariak "ganberako alderdien zeregina" dela nabarmendu du sarritan EH Bilduk hala galdegin dionean, eta ez Eusko Jaurlaritzarena.

Gure Eskuk hiru konpromiso hartzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari: etorkizun politikoa erabakitzeko "prozesu" bat eraiki eta urratsak emateko "eztabaida irekitzea"; herritarren hitza entzungo duen eztabaida "gardena eta irekia" izatea; eta herritarren parte hartzean oinarritutako prozesua izatea eta horretarako tresnak aurreikustea, "EAEko herritarren borondatea berresteko galdeketa bat barne".

Eztabaida berrartzeko garaia

Gogoratu behar da Gure Eskuk 2018an Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituela giza-kate jendetsu batekin, Gasteizko Legebiltzarrean amaituz eta herri mugimendu gisa sinbolikoki alderdi politikoei konfiantza emanez, estatus berriaren eztabaidan murgildu eta aurrera egin zezaten erabakitzeko eskubidearen esparruan. Gizarte presioa desagertu hala, ordea, gaia blokeatuta geratu da lau urtez. Horrek ezinegona eragin du Gure Eskuren oinarrian; hala adierazi zioten ARGIAri iragan ekainean aurkeztu zuten proposamenaren harira –Legebiltzarrean horixe bera azaldu dute astelehenean–.

Orduan adierazi zuten argi dutela ez dutela akatsa errepikatuko, jarreraz aldatu behar dutela. “Ikasi dugu gure akatsetatik, txipa aldatu dugu. Gure helburua da beste indar batekin itzultzea panorama politikora eta ikasturtean tonu hori mantenduko dugu, gainean izango gara, zaintza egiten eta zorrotzak izaten”.