Korsika, Flandria, Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko zortzi diputatuk osatu dute europarlamentari taldea.
Estaturik gabeko nazioak izanki, eta lurralde-gatazkak ukanki, "komunitate horietako herriak askatasunez eta demokratikoki autodeterminaziorako duten eskubidea legez onartutako moduan aitortua izatearen alde" lan egingo du europarlamentari talde honek. Horren berri eman dute Korsika, Flandria, Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko zortzi diputatuk. Zehaztu dutenez, taldea irekia da eskubide horren alde lan egiteko gogoz dagoen orori. Oraingoz, Pernando Barrena (EH Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ), François Alfonsi (Regions et Peuples Solidaires), Geert Bourgeois (N-VA), Chris MacManus (Sinn Fein), Toni Comin, Clara Ponsati eta Carles Puigdemont (Junts Per Catalunya), Diana Riba eta Jordi Sol (ERC) dira taldeko kide.
Izenpetzaileek nabarmendu dute azken urteotan "Europako hainbat komunitate nazionalek antzeko erronkak" izan dituztela. Hori dela eta, uste dute aukera bat dagoela "lurralde eztabaidak dituzten Europako hainbat nazio eta estaturik gabeko nazioak lankidetzan aritzeko Europako erakundeen baitan, ikuspegi komunak sustatzeko, jarrera partekatuak adosteko eta Europa mailako 'Argitasun Lege' baten beharra defendatzeko, Europar Batasunaren barnean autodeterminazioari buruzko eztabaida demokratikoak ebazteko tresna gisa".