argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzeko eskubidearen alde egin dute EH Bilduk eta EAJk Araban ere
  • Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, EAEko estatus politiko berriak Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan alderdi abertzaleek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 14a
Arabako Batzar Nagusietako bilkura asteazkenean. ABN

Asteazkenean Arabako Batzar Nagusietan egindako bilkuran, beste behin EH Bilduk eta EAJk bat egin dute erabakitzeko eskubidea eskatzeko, aurretik Gipuzkoan eta Bizkaian egin bezala.

Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berriak erabakitze eskubidea jaso eta gainontzeko euskal lurraldeekin harremanak estutzeari buruzko eztabaida izan dute batzar nagusietan, eta mozioari jarritako erdibideko zuzenketak EH Bilduren eta EAJren aldeko 28 boto jaso ditu; kontra, berriz, PSE, PP eta Voxen hemeretzi boto izan ditu; eta bi abstentzio, Elkarrekin Podemosenak.

"Demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bitartez azaleratzen da"

Onartutako testuak dio estatus politikoaren elementu zentral bat  "Euskadi nazio gisa aitortzea" izan behar duela, eta era berean erabakitzeko eskubidea ere aipatzen du: "Demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bitartez azaleratzen da".

Nolanahi ere, estatuarekiko harremanak "aldebikoa" izan behar duela dio EAJren eta EH Bilduren artean adostutako mozioak: "Elkarren arteko aitorpenean oinarrituko da eta berezko gaien berezitasunak babesteko eskumen eta beharrezko tresnak izango ditu".

Adostutako erdibideko zuzenketaren testua, EH bilduko eta EAJko ordezkariek sinatua.

EAJko batzarkide Iñaki Ruiz de Galarretak esan du Gernikako Estatutua "osorik" beteta egon beharko lukeela aspaldi eta bere alderdiak "eskumen bakoitza transferitzeko egindako borroka" gogoratu du.

EH Bilduko Eva López de Arroyabek, berriz, ohartarazi du "baldintza berriak sortzeko abagunea" dela honakoa, eta horregatik iritsi nahi izan dutela gehiengo bat sinbolizatzen duen akordiora.

Mozioaren kontra azaldu dira PSE, PP eta Vox. Sozialisten hitzetan Gernikako Estautuaren babesle izan dira "beti", baina ez da "gizartea hautsiko duen abentura independentista" batean sartuko. PPk ere "abentura independentista" deitu dio ekimenari, eta Voxek "Espainia hautsiko" duela esan du.