argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzeko eskubideak ez du mugarik
  • Muga administratiboen gainetik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen herri bat garela irudikatu dute Irun, Hendaia eta Hondarribiko herritarrek. Hiru herriotatik abiaturiko martxek bat egin dute amaieran, eta eskualde honetan ere herri galdeketak egiteko "akordioak eta baldintzak" adosten hasiko direla iragarri dute Gure Esku Dagoko kideek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko ekainaren 13a
Hendaia, Irun eta Hondarribia, erabakitzeko eskubideak batuta (Argazkia: Angula Berria).

Santiagoko zubitik sartu da Hendaiako martxa Irunera, herri bera garela eta erabakitzeko eskubideak mugarik ez duela adieraziz. Festa giroan egin dituzte hiru martxak eta Irungo Zabaltza plazan batu dira.

1.500 bat lagun bildu dituen ekitaldian, herritarrekin batera koloretako eta mezuz betetako hautetsontzi erraldoia izan da protagonista. Gure Esku Dagok daraman ibilbidearen errepasoa egin du Zelai Nikolas bozeramaileak, eta etorkizunean ere jarri du begirada, Euskal Herriko txoko ugaritan iragarri baitituzte dagoeneko herri galdeketak. Ekimenaren eskualdeko eragileek ere hartu dute hitza eta jakinarazi dute akordioak eta baldintzak abiatuko dituztela, bertan ere herri galdeketak egin ahal izateko.

Nafarroan eta Bizkaian, galdeketa gehiago

Asteburu berean, herri galdeketetarako hainbat hitzordu ezagutarazi dituzte. Nafarroan, udazkenetan Bakaikun egingo dute erreferenduma, eta 2017ko udaberrian, beste hamabost herritan: Altsasu, Lakuntza, Larraun, Lekunberri, Leitza, Areso, Goizueta, Arano, Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Arantza, Araitz-Betelu eta Irurtzun.

Bizkaian, Lea-Artibaiko sei herrik jakinarazi dituzte galdeketak, datorren udaberrirako: Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa eta Ondarroa.

Txingudiko martxen argazkiak:

Lapurditik Gipuzkoara igarotzeko unea, Santiagoko zubitik (arg: Pepe Aizpuru).

Martxetako bat, Hondarribiko kaleetan barna (arg: Gure Esku Dago Irun).

Hautetsontzi erraldoia, Irungo Zabaltza plazan (arg: Angula Berria).

(arg: Gure Esku Dago Irun).