Nafarroan Aldaketa Sozialerako Batzarrak erabakitze eskubidearen aldeko mahai ingurua antolatu du. Eztabaida datorren ostegunean izanen da, martxoak 12, 19:00tan Iruñeko Katakrak gunean .
Adolfo Araiz (EH Bildu), Laura Perez (Podemos), Uxue Barkos (Geroa Bai), Txema Mauleon (Izquierda-Ezkerra) eta Rebeca Remiro (Equo) izanen dira mahai inguruan parte hartuko dutenak. Eztabaida Pilar Hurtadok moderatuko du, Nafarroan Aldaketa Sozialerako Batzarreko kideak.
“Elkarlanean egin nahi ditugun eztabaida hauen helburua zera da: hauteskunde urtea den honetan Nafarroako erregimenaren erorketan laguntzea, konfluentziak bilatuko dituen dinamika abiaraztea, baita aldaketa sakon baten aldeko elkarlanak jostea ere, hauteskundeetatik harago”, adierazi dute antolatzaileek.
Mahai-ingurua asteburuko beste zita baten aperitifa ere izango da. Izan ere, larunbatean, 17:30ean, Antoniutti parketik abiatuta, manifestazioa eginen dute “Nafarroan aldaketa soziala orain” lelopean. Eragile eta mugimendu sozialek ez ezik, sindikatuek ere deialdiarekin bat egin dute.