Herritarren parte-hartzea indartzea eta bermatzea, eta obra eta zerbitzu publiko guztien publifikazioa da politikan gertatzen den ustelkeriari aurre egiteko gakoa. Euskal Herria ez da salbuespena.
Tarteka ustelkeria politikoari buruzko albisteak iristen dira. Tarteka, ustelkeriaren eta iruzurraren aztarnak eta susmoak zabaltzen dira, normalean jarduera politikoari lotuta. Une horietan herritarrak biziki haserretu eta inguru politiko guztia zalantzan jartzeko ohitura dago. Garbiñe Biurrun (Tolosa, Gipuzkoa, 1960) epaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen ustez ondo dago dena eztabaidatzea eta arazo honen jatorrira joan nahi izatea. Ariketa honek, interesgarria izateaz gain, konponbide demokratikoak ekarri ditzake. Horretarako gizarte demokratiko bat nola egituratu, herritargoaren partaidetza nola bideratu eta, azkenik, jartzen diren bitarteko horiek nola kontrolatu aztertu behar da. Dioenez, ustelkeria amaitzeko ezinbestekoa eta posible da herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eskubidea beste era batera gauzatzea.
De Miguel auziaren sententzia baieztatu da. Salbuespena da?
Euskal oasiaren irudia politikoki asko erabili izan da eta irudipen bat zen soilik. Erabateko irudi faltsua, asmo politiko garbi batekin zabaldutako irudia. Ziurrenik halako delitu gehiago gertatuko ziren eta momentu honetan ere gertatzen ari dira, baina ez da inolaz ere sistematikoa ezta iceberg baten punta. De Miguel kasuak erakutsi duen bezala oso zaila da delitu hauek ikertzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan ez da ustelkeria kasu asko argitara ematen. Kasu berezi baten aurrean gaude?
Ez. Euskal Herrian ez gara salbuespenezko egoera batean edo oasi batean bizi. Egoera Frantziakoaren, Portugalgoaren edo Espainiako erkidego autonomoenaren antzekoa da. Kontrolak adibidez oso antzekoak dira, ez dira areagotu, ez daukagu kontrol berezirik beste inon ez dagoenik: erakunde barneko kontrolak eta kanpoko kontrolak daude.
Zein dira ustelkeria kasuak saihesteko kontrol garrantzitsuenak?
Hedabideek egiten duten kontrola ezinbestekoa da. Horretarako gardentasuna eta ikerketa behar dira. Ustelkeriari buruzko gai batzuk hedabide batzuetan azaltzen direnean, informazio zehatza eta zabala ematean, denbora pixka bat pasatuta gaia desagertu egiten da, askotan ez da jakiten ikerketarik egin den edo ez, politika mailan zer gertatu den. Halaber, fiskaltzak batzuetan diligentziak zabaltzen baditu, gero utzi egiten ditu eta herritarrok ez gara konturatzen. Tarteka berriz ere gai berbera iristen da komunikabideetara, baina ez dakigu benetan zer gertatzen den. Argi dago gai batzuk ez direla ixten.
Zergatik gertatzen da hori?
Alde batetik, erantzule politikoen erantzuna oso eskasa izaten da. Lagundu ere gutxi egiten dute. Adibidez, oraindik ere ikertzen ari diren Osakidetzako oposizioen kasua aipa daiteke. Bestalde, kanpotik oso zaila da ikertzea. Dauden kontrolak ez dira eraginkorrak. Kontrol gehiago beharko lirateke bai barruan eta bai kanpotik ere. Baina hori arautu egin behar da, kontrola ezin da utzi bakarrik hedabideen eskuetan. Hedabideez gain, bestelako kontrol formalagoak eta eraginkorragoak behar dira.
“Erakunde eta botere publikoengandik babestu eta sustatu behar dira komunikabide libreak”
Zein dira beste aukera horiek?
Azkenengo kontrola, arlo batzuetan behintzat, udal mailetan jarriko nuke, hots, herriarena beharko luke. Herritarren parte hartzea asko areagotu beharko litzateke gai askotan. Hirigintza esparru oso aproposa izango litzateke adibidez parte hartze hori zabaltzeko, arautzeko. Erabakia herriarengan zuzenean uzten bada, ustelkeria uxatu egiten da.
Komunikabide zenbaitetan kasu zehatzen salaketa, auzien jarraipena, boterearekiko eta sistematikoak diren joerekiko eztabaidak argitaratzen dira.
Ezinbestekoa da gizarte demokratiko batean komunikabide libreak eta ahaltsuak egotea, informazioa hedatzeko bitartekoak dituztenak. Lan zaila eta meritu handikoa da. Egun, ustelkeriaren aurka ez dago bitarteko nahikorik. Salaketez gain, beti izango da beharrezkoa komunikabideen ikuspuntu libre eta desberdina izatea, aurrera eraman ahal izatea ikerketa lan asmoak. Hain zuzen ere, komunikabide batzuei esker ezagutu dira hainbat gertaera eta jakin dira hainbat delitu. Horregatik erakunde eta botere publikoengandik babestu eta sustatu behar dira komunikabide libreak. Komunikabideen pluralismoa mantendu behar da.
Espainian, duela zenbait urte, ustelkeriaren aurkako udaberria eman zen. Hainbat auzipetu eta kondenatu izan ziren alderdi politiko ezberdinetan. Horren ostean, politika egiteko era berri bat sortu dela dirudi, tresna berriekin. Aitzitik, badirudi Euskal Herrian ez dela joera hori eman. Boterean dagoen alderdien ustelkeriarekiko tolerantzia handiagoa dago hemen?
Bai, orokorrean tolerantzia handiegia dago halako delituekiko, bai hemen zein Espainian. 1996. urtean gertaturikoa alde batera utzita, normalean hauteskundeetan ustelkeria kasuek ez dute ondoriorik izaten. Auzitegietan ordaintzen dena normalean zati txiki bat izaten da. Erantzukizunak argitzen dira nagusiki. Botere publikoengandik oso kontzientzia gutxi zabaltzen da, eta botere publikoek ardura hori izan beharko lukete, gizartea ondo kontzientziatu behar da: zer den diru publikoa, zer diren politika publikoak, zer nolako eskubideak dauzkagun herritarrok. Hori egiten ez den bitartean gai hauekiko guztiz toleranteak izaten jarraituko dugu. Herriak ez du ustelkeria delituen aurkako kontzientzia nahikorik eta interes politiko argi bat dago horren atzean, komunikabide batzuk horren aurka egiten saiatzen diren arren, ikertuz eta auziak jarraituz, zailtasunak izaten dituzte, are gehiago, nolabaiteko jarrera negatiboak pairatzen dituzte alderdi eta botere publikoengandik. Ondorioz, zaila da herritarrok jakitea zer eta zergatik gertatzen den eta nola saihestu gertatzen den guzti hori.
“Herriak ez du ustelkeria delituen aurkako kontzientzia nahikorik eta interes politiko argi bat dago horren atzean”
Hain zuzen, boterean izaten diren gobernuek ez dute ustelkeria kasuen eragin zuzenik pairatzen gehienetan, gobernu egonkorrak izaten dira.
Oso ustelkeria larria, zabaldua, luzea, egonkortua izan beharko luke hauteskundeetan zigorra jasotzeko. Espainian ezagutu izan diren halako kasu larriek oso gutxitan jaso dute zigorra hauteskundeetan. Ez dakit jendeak barkatzen duen, ahaztu egiten zaion, edota beste bide batzuetaz konbentzitzen den. Delituak oso larria izan beharko luke ondorioak jasateko. Halaber, ustelkeria hitza erabiltzen dena baino gehiago erabili beharko litzateke.
Aldea dago beste toki batzuekin?
Alemanian edota Frantzian adibidez dimisioak eman izan dira doktorego tesi bat plagiatu delako. Hemen hori ez zen ustelkeria gisa ezagutuko. Hemen halako zerbaitengatik inork ez luke dimitituko. Ez da dimititzen horregatik. Aguantatzeko maila oso altua dugu eta ez gara batere zorrotzak.
Politikari eta enpresarien arteko gertutasuna eta bateratzea egon daiteke iruzurren jatorrian?
Gutxi batzuk aberasteko edota diru publikoa beste funtzio eta helburu batzuetarako erabiltzeko asmoa dago jatorrian. Elkarrekiko interes komun bat. Halako kasuetan gertutasuna eta akordio ilegalak egiten dira. Enpresa askok administrazio publikoentzat egiten dute lan, iruzurra askotan horrela egiten da. De Miguel kasua adibide. Ez dakit gertutasun horren ondorio den ala ez, baina azpimarratuko nuke erraztasun guztiak jartzen direla halako delituak egiteko. Aitzitik, ez da inolako erraztasunik jartzen horiek saihesteko. Gardentasun printzipio bat, lege bat badago horretarako, baina gero kontratuak esleitzerakoan, obra eta zerbitzuak esleitzerakoan, enpresa pribatuei esleitzen zaizkie, hor gertatzen dira iruzurrak. Zerbitzu publiko guztiak bitarteko publikoekin gauzatu beharko lirateke, administrazioak eman beharko lituzke zerbitzu publiko horiek. Zuzenean edo enpresa publikoen bitartez. Hala, zaildu egingo litzateke halako delituak gertatzea eta moztu egingo lirateke politikaren eta enpresarien artean dauden ustezko loturak.
“Obra eta zerbitzu publiko guztiak berpublifikatu beharko lirateke, hori izango litzateke benetan ustelkeria delituak egiteko oztoporik nagusiena”
Politika hobetzeko, Lan Harremanen esparrutik dakarzun jakintzatik abiatuta, posible ikusten duzu hirigintza eta politika publikoen kudeaketan epaitegiak, eragile sozialak eta erakunde publikoak elkarlanean aritzea?
Jurisdikzioan, lan harremanetan zein langileen parte hartze mailan posible ikusten dut eta ez da inolaz ere perfektua izan behar, horretarako langileek gehiago parte hartu beharko lukete. Herritarron parte hartzea gehiago bermatu behar da. Hori da halako jarrerak eta ustelkeriak desagerrarazteko edo behintzat oztopatzeko bidea. Politikoki hainbat erabaki hartzen dira gutxi batzuk aberasteko, aitzitik, herriak erabakiko balu beharbada beste mota batzuetako erabakiak hartuko lirateke, adibidez azpiegitura handietan. Bestalde, obra eta zerbitzu publikoen pribatizazioari dagokionean, obra eta zerbitzu publiko guztiak berpublifikatu beharko lirateke, hori izango litzateke benetan halako delituak egiteko oztoporik nagusiena. Administrazioaren bitartekoekin egin beharko lirateke zerbitzu guztiak edo behintzat gehienak. Kaleen garbiketa edo eskoletako jangelak ezin dira pribatizatuta egon.