argia.eus
INPRIMATU
Musukoa patioan
“Erabaki zentzugabe hauek pairatzen jarraitu behar al dute haurrek?”
  • EAEko Lehen Hezkuntzako haurrak jolastokian eta heziketa fisikoak iraun bitartean ere musukoa mantendu behar izatea salatu du Oinherri herri hezitzaileen sareak: “Ez diogu argudio honi inongo zentzutik topatzen, haurrak herriko kale eta plazetan musukorik gabe jolasean ikusten ditugulako, helduok gabiltzan gisara”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urriaren 12a

Jaiak berriz berreskuratzen ari garen honetan, diskotekan dantzatu eta tabernetako barran poteatu daitekeenean, berriz ere haurrak zigortzen dituen erabakia hartzea leporatu dio herri hezitzaileen sareak Eusko Jaurlaritzari. “Haurrak txertatu gabe daudela eta birusaren hedapen foku berririk gerta ez dadin hartu dute antza neurri hau”, dio Oinherrik, baina ikastetxetik kanpo aire zabalean denok musukorik gabe ibili gaitezkeen heinean, ez du zentzuzko arrazoirik ikusten ikasleei kanpo espazioan musukoaren erabilera derrigortzeko. Gainera, umeak txertatzen azkenak izaten ari badira larritasun gutxien dutenak direla irizten delako gogoratu du sareak.

“Zintzoki espero dugu familien, ikastetxeen eta herritarron eraginez Hezkuntza Sailak erabaki honetan atzera egitea eta haur eta nerabeen eskubideetan eta osasun oso batean oinarritutako erabakiak hartzea”, azpimarratu du.

Guraso ugarik eskaera bera luzatu diote Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, musukoa patioan neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea dela iritzita.