argia.eus
INPRIMATU
900.000 euro jarriko ditu Jaurlaritzak Epsilon Euskadiren zuloa estaltzeko
  • Eusko Jaurlaritzak Sprilur sozietate publikoaren kapital handitzea onartu zuen atzo, guztira 939.700 eurokoa. Diru horrek kapitalizatuko du Sprilurren zuloa estaltzeko eskatutako mailegua. Zuloa nola sortu zen jakiteko berriz, 2004ra joan behar da: Epsilon Euskadi auto lasterketetako taldeari Azkoitian bi pabilioi eskaini zitzaizkion alokairuan, prezio merkeegian, hilean 450 eurotan.

2012ko ekainaren 06a
Epsilon Euskadi taldearen pabilioia

Epsilon Euskadi taldea 2002. urtean sortu zen eta diru publikoaren bidez finantzatu zen. Helburua Bat Formulako talde bihurtzea zen, baina operazioak huts egin zuen eta 50 milioi  euroko zorra zeukala jakinarazi zuen 2011ko hasieran. Enpresaren egoera zein zen ezagutzearekin batera, Jaurlaritzak jakin zuen Azkoitiko pabilioiak ez zirela adostutako helburuekin erabili.

Duela hilabete hasi zen Gasteizko gobernua zuloa estaltzen, Kutxabankekin lotu zituen 16,3 milioiko akordioaren bidez. Epsilon Euskadiren Miñanoko parke teknologikoko eraikina erosi zuen operazio horren bidez Jaurlaritzak.