EAEko Legebiltzarreko Batzordeak uztailaren 10ean aurkeztuko ditu Epsilon eta Hiriko enpresen kudeaketa ekonomikoaren inguruko ikerketaren ondorioak, EAJ eta PSEren babesarekin. Azken bi legegintzaldien ikerketarik azkarrena izango da, eta UPyD alderdiak sozialista eta jeltzaleen “boikota” salatu du.
Ikerketa Batzordea igandean bildu zen alderdien azken eskakizunak aztertzeko. Alderdi bakoitzak lantaldeari pertsona berri bat gehitzeko proposamena zuten mahai gainean, baina EAJk eta PSEk ezezkoa eman zuten, lantaldea jada finkatuta zegoela argudiatuz.
Astearte honetan bilduko da berriz Batzordea, uztaila arteko egutegia finkatzeko. Uztailean ez da lanik egiten Legebiltzarrean, baina Batzordeak salbuespena egitea eskatu du, 10erako ikerketaren ondorioak eman nahi dituztelako.
“Asko dute ezkutatzeko”
Igandean UPyDk komunikatu bat igorri zuen EAJ eta PSEren jarrera salatzeko. “Gertatutakoa ez dutela argitu nahi” eta “eskandalua lehenbailehen lurperatu nahi dutela” diote.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 60 milioi euro eman zizkieten Epsilon eta Hiriko enpresen proiektuei, eta biek hondoa jo eta hartzekodunen konkurtsora jo behar izan zuten.
Bi enpresen kudeaketa ekonomikoan irregulartasunik egon zen ala ez aztertzeko Ikerketa Batzordea osatu zuen EAEko Legebiltzarrak apirilean.