argia.eus
INPRIMATU
Epsilon auziaren ikerketa batzordeak erantzukizuna EAJri leporatu dio
  • Epsilon eta Hiriko auzien Ikerketa Batzordeak behin betiko ebazpena onartu du, EAJren kontrako bozkekin. Oposizioko alderdien arabera, erakundeen inplikazioak bi proiektuetan diru-kutxa publikoetan eragin du, eta, beraz, erabakiak hartu zituzten jeltzaleek “erantzukizun politikoak” dituzte.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 11
Ikerketa Batzordeak Carmelo Barrio (PP) batzordeko presidenteak egindako ebazpena onartu du. Oposizioko alderdi guztiek alde bozkatu dute eta EAJk kontra. (argazkia: EFE)

Txostenak Epsilonen laguntza publikoen kontzesioan “irregulartasunak” izan zirela berretsi du. Uda osteko EAEko Legebiltzarraren lehenengo batzarrean eztabaidatuko eta bozkatuko da.

Ebazpenak adierazten du Sustapen Ekonomikoko Kontseilua Epsilon proiektuari laguntza publikoak ematearen alde agertu zela, nahiz eta proiektuak “oinarri sendorik” ez izan,  ez ekonomikoki, ez komertzialki ezta enpleguaren sorrerari dagokionez ere.

Kontseilua osatzen zutenen izenak eskatu dituzte EH Bilduk eta UPyDk, baina eskakizunak ez ditu aurrera ateratzeko beharrezko bozkak lortu.

Arabako Teknologi Parkearen administrazio kontseiluak ere erantzukizuna duela azpimarratu du ebazpenak, Epsiloni Miñanon pabiloi bat erosteko mailegua emateko oniritzia emateagatik.

Hirikoren inguruan, erantzukizuna Spriri leporatu diote. Jaurlaritzaren “sen estrategikoaren” falta azpimarratu dute, diru publikoa ematearen arriskuak ez antzemateagatik. Afypaidari, Hirikoren ibilgailu elektrikoaren enpresa sustatzailea, dirua bueltatzea eskatu diote.

Administrazioak Hirikoren lizentziak berritu ez izatearen ondorioz, hauek esku pribatuetara pasa daitezkeela salatu dute oposizioko alderdi batzuek.