Euskararen Erakunde Publikoa eta euskal parlamentari talde bat bildu da asteazken honetan Frantziako Hezkuntza Ministerioko bost ordezkarirekin, eta haiengan jarrera aldaketa ikusi dute. Han izan da, esaterako, Julie Benetti, Hezkuntza ministroaren aholkulari berezia.
Bereziki bi gai aztertzeko bildu dira bi aldeak, batetik euskara hutsean ari diren ikasgelen irekitzea, eta bestetik azterketak euskaraz egiteko eskubidea, bai brebeta, bai baxoa. Berria-n Ekhi Erremundegik jakinarazi duenez, Antton Kurutxarri EEPko lehendakariaren esanetan, bilkura oso giro onean joan da “eta bazen borondate bat guri hitza uzteko eta gure argumentuen entzuteko”.
Euskara hutsezko gelen kasuetan, Kurutxarrik adierazi du ministerioko ordezkariek onartu dutela Ipar Euskal Herriko erakundearen zentraltasuna eta, beraz, EEPk izatea auzi horiek kudeatzeko ardura. Ikusteko dago zer ekarriko duen kudeaketa berri honek, orain arte Pirinio Atlantiko departamenduko agintari akademikoak arduratu baitira gisa honetako aferez.
Azterketak euskaraz egiteko eskubideaz ez da emaitza argirik atera. Brebetaz hitz egin dute batez ere, eta EEP laster jasoko du erantzunen bat, baina baxoaz guti mintzatu dira eta gaia hurrengo hitzordu baterako utzi dute.