argia.eus
INPRIMATU
EPPK: “Etsaia izan da espetxean berdindu gaituena, denak ETAkideak garela finkatuz”
  • Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) mintzakide taldeko Xabier Alegriarekin eta Lorentxa Gimonekin elkarrizketa argitaratu dute Berria eta Gara egunkariek. ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik urtebete bete denean, preso eta iheslarien egoerak bere horretan dirauela ikusita, kezkatuta daude kolektiboko kideak. Haien hitzetan, gizartearen eskuetan dago orain, presioa eraginez, Espainiako eta Frantziako Gobernuak mugiarazteko erantzukizuna.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 11

Hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea zehazten ari da EPPK elkarrizketan adierazi dutenez. Besteak beste, sakabanaketari amaiera ematea da haien apustu nagusia. Alegriak dioenez, “kontu aurre-politikoa da hau, eskubideen errespetu hutsetik bideratzekoa. [Sakabanaketa] presoon aurka soilik ez doa. Senide, lagun eta milaka euskal herritarren aurkakoa ere bada”.

Presoen artean ezberdintasunak onartzea garrantzitsua dela azpimarratu dute. “Etsaia izan da espetxean berdindu gaituena. Denak ETAkideak garela finkatuz, maniobra juridiko-politiko oinarri gabeko eta sinesgaitzean”, dio Alegriak. Geroz eta jendetsuagoa den kaleko amnistiaren aldeko mugimenduaren lanari asko zor diotela esan dute bi kideek.

Egoeraren aurrean Iñigo Urkulluk, eta batez ere EAJk, zer egin beharko lukeen galdetzean, biek argi zuten erantzuna. “Herri honek eskatzen duena egin behar du Urkulluk, gehiengo oso zabalak aldarrikatu duena. Gasteizko legebiltzarrean bertan berretsitakoa bete eta betearazi: euskal presoak Euskal Herrira”. Bilduk, bestalde, prozesuaren hauspo-indarra izateko zeregina duela esan dute, eta bertan Euskal Herriaren dimentsioa, markaz haratago, bermatzearena.