"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), Berria eta Gara egunkarietara igorritako gutunean. "Aldi berean, presoen egoeragatik zintzoki kezkatzen den jende askoren borondate onaz baliatzen saiatu dira".
Patxi Ruiz presoak gose grebako 19. eguna bete zuen atzo, Murtzia II kartzelan. EPPKren hitzetan, "Ruizek maiatzaren 11n abiatutako protestaren ondoren, espetxe horretan dauden EPPKko kideek lehen momentutik izan duten jokabidea elkartasuna adierazi eta laguntza ematea izan da. Baita lehen momentutik Patxiri beren ikuspuntua adieraztea ere, eta osasuna lehenesteko gose eta egarri greba utz zezala eskatu zioten". Presoen kolektiboak gaineratu du espetxeari "lehen unean" eskatu ziotela Patxi modulu normalean beste kideren batekin jar zezala. "Abiatutako borrokarekin aurrera jarraitzen zuela ikusirik, Patxiren osasuna bermatu eta ospitalera atera zezatela eskatu zieten espetxeko sendagileari eta arduradunei". Maiatzaren 19an Ruiz modulu batean beste hiru kiderekin batera jarri zuten, eta 22ko gauean, berriz, ospitalera eraman zuten.
Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea "oso larria" dela dio EPPK-k. "Espetxeko baldintzen ondorioz edozein presoren bizia arriskuan denean, bere osasuna bermatzea aitzakiarik gabeko lehentasuna da gure iritziz. Kasu honetan ere horrela jokatu dute Murtzia IIko kideek, eta horrela jokatuko dute aurrerantzean, Patxi Ruizen egoeraren berri bertatik eta zuzenean zekitenek hain zuzen, espetxe zuzendaritzari konponbidea exijituz. Aldiz, aipatu sektoreak EPPK-ko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz. Aldi berean, presoen egoeragatik zintzoki kezkatzen den jende askorenborondate onaz baliatzen saiatu dira".
EPPK-ren hitzetan, horrek guztiak pentsarazten du "zenbaiten zinezko lehentasuna ez dela izan lehen eta ez dela orain ere Ruizen bizia eta osasuna bermatzearen alde ahalegina egitea", baizik eta "aipatu alderdi eta erakundeei erasotzeko Ruizen egoera erabili ahal izatea". Helburu hori lortzekoa, "zenbait informazio ezkutatzen eta asmakizunak hedatzen" aritu direla salatu du presoen kolektiboak. "Estualdian eta egoera larrian den preso bati laguntzeko modu eraginkorrak bilatu eta lantzea baino erosoagoa zaielako EPPKri eta orokorrean ezker abertzaleari erasotzea".
Espetxe politika krudela
Espetxe politikak euskal preso politikoak "pertsonalki eta politikoki desegitea eta birrintzea" duela helburu dio EPKK-k. "Horretarako pentsatuta ezarri zituzten urrunketa eta sakabanaketa, eta horregatik jarraitzen dute oraindik ere salbuespenezko politika hori ezartzen, presook babesgabeago eta zaurgarriago bilakatu nahian beti ere. Kide asko dira espetxe politika anker horren ondorioz gaixotasun fisiko eta psikologikoak jasaten dituztenak, edo espetxe politika horren eraginez gaixotasunak areagotuzaizkienak. Patxi Ruizen gaurko egoera, beste kide askorena bezala, salbuespenezko espetxe politika krudel horren ondorioa da".
Sareren "Izan Bidea"
Konfinamendua arintzearekin batera, mobilizazioei berrekitea "berri ontzat" du presoen kolektiboak. "Agurrik beroena ematen diogu Sareren 'Izan Bidea' dinamika berriari, zeinak euskal jendartea presoen etxeratzearen aldeko ibiltari egin nahi duen. Hor kokatzen du EPPKk eta bere kidegoak espetxeetatik kaleko dinamikekin batera eraman beharreko ildoa. Hori da, gure uztez, lehenetsi beharrekoa".