21:30 Gaurkoz hemen etengo dugu konexioa Bilbotik. Informazioa osatu eta beranduxeago helduko diogu berriro kontakizunen hariari.
21:07 Apurka argitzen doaz gauza batzuk. Zaurituak elizara eraman dituztela ez da egia, Irolara deitu duen lekuko batek esan duenez. Hainbat iturrik adierazi dute, bestalde, ertzainek eraman egin dituztela auzoko anbulategiko parte medikuak. Ez dago berririk oraindik zauritu kopuruaz.
20:45 Argia moztu omen dute auzo osoan, gaztetxearen inguruan izan ezik (lanak ez zailtzeko). Gero eta zailagoa da informazio fidagarria lortzea, dena den.
20:32 Kukutzako asanbladak dio milaka lagun ari direla hurbiltzen Errekaldera, oztopoak oztopo. Auzoko hainbat lekutan kea dago, edukiontziak erretzen ari direlako.
20:28 Bilboko Bilduk iragarri du prentsaurrekoa emango duela bihar, goizeko 11:30ean, Errekalde plazan, gaurko gertakariei buruzko iritzia emateko.
20:25 Bilboko gertaeren berri jaso daiteke Irola Irratiaren bitartez.
20:20 Kukutzako asanbladak laguntza eskatu du eliza barruan dauden zaurituak artatzeko.
20:17 Oraindik dago jendea Errekalde barruan protesta egin nahian. Ertzaintzaren kargak bata bestearen ondotik datoz. Atxilotu kopurua 24raino handitu da honezkero, eitb.com-en arabera.
20:10 Manifestazioak egiten ari dira Bilboko hainbat lekutan, Errekaldera sartzen saiatu dena Ertzaintzak sakabanatu du eta. Deialdia egin dute Udaletxearen aurrean kontzentrazioa egiteko. Ertzaintza Kukutzatik gero eta urrunago ari da kargatzen eta kontrolak jartzen, baita Errekaldetik kanpo ere. Jende askok adierazi du, sare sozialen eta irrati libreen bitartez, Bilbotik kanpora zihoala bertara, mobilizazioetan parte hartzeko asmoz. Zaurituen berririk ez oraingoz.
20:00 Jende asko Udaletxerantz doa protesta egitera, Errekaldera sartu ezin daitekeela eta.
19:58 Zaurituak Errekaldeko elizara eramaten ari dira.
19:18 Eraisketa zuzenean ikus daiteke, streaming bidez, lotura honetan (periodismohumano.com)
19:05 Irratietara deika dabiltzan Errekaldeko auzokideak irudi danteskoak ari dira deskribatzen. Eraisketaren martxaz berririk ez; 300-400 metroko perimetroa antolatu dute ertzainek, inor ez hurbiltzeko. Inguruko mendietan edo gaztetxetik hurbil dauden etxeetan daudenak dira lekuko bakarrak.
18:56 13 atxilotu oraingoz, eitb.com-en arabera.
18:53 Antolatzaileek berretsi dute 20:00etan manifestazioa egiteko asmoa dutela, Errekalde plazatik abiatuta.
18:26 Irrati libreetara deitzen ari diren auzokideek beldurra aipatzen dute; Ertzaintza Errekalde erdiguneko kale guztietan dago, kargak etengabe ematen ari dira, eta pilotakadak inolako bereizketarik egin gabe egiten ari dira, lekuko horien esanetan. Gordoniz kalera ez sartzeko gomendatzen dute.
18:15 Dagoeneko hasi dira Kukutza botatzen, Irola Irratira deitu duten zenbait lekukok esan dutenez. Poliziak galarazita dauka Errekaldera sartzea, hala nola auzo barruan libreki ibiltzea.
18:07 Poliziak lau lagun atxilotu ditu gutxienez; ez dago daturik zaurituei buruz. Lekukoek diote Ertzaintza asteazkenean baino operatibo handiagoa egiten ari dela, bertara hurbiltzea eragozteko, eta une honetan oso zaila da Kukutzan bertan zer gertatzen ari den jakitea.
17:58 Kukutza inguruko argazki bat eskuratu dugu Twitter bidez. http://ttiki.com/31361
17:55 Eraisketa-makinaren beso artikulatua prestatu dute, Garak dioenez. Poliziek erabat inguratuta daukate makina hori. Kargak ez dira amaitu; Gordoniz kale osoan zehar istiluak daude. Bertan dauden zenbaiten lekukotzaren arabera, ertzainak eskuko telefonoak kentzen ari zaizkie inguruan dabiltzanei.
17:15 Twiter-eko mezuen arabera, Kukutzaren aldekoak saiatu egingo dira hondeamakina eta garabiei gaztetxerainoko bidea oztopatzen. Hala ere, Ertzaintzak babestutako hondeamakina bat iritsi da dagoeneko Kukutza parera. Oraindik jendea dago barruan, Kukutzako kideek dioetenez. Istiluek segitzen dute Errekalde erdiguneko kaleetan. Ertzainek taberna eta dendak ixtera behartu dute, eta eraisketa bideoz grabatzea eragotzi diete hala egiteko asmoa zuten hainbat herritarri.
17:10 Ertzaintza hasi da bildutakoen kontra kargatzen. Zenbait pertsonak Gordoniz kalea moztu dute, edukiontziak botaz
17:00 Gero eta jende gegiago ari da biltzen Kukutza inguruetan. Poliziak hainbat kale itxi ditu. Giroa oso bero.
16:40 Hondeamakinak iritsi dira Kukutza ingurura. Garak dioenez, aurpegia estalita daramaten hainbat langile sartu dira barrura, ertzainek lagunduta. 18:00etara arte, Kukutzako erabiltzaileak barrura sartu ahal izango dira euren gauzak batzera, banan-banan eta abokatu batek lagunduta beti ere.
12:45 Elena Galán Rodríguez de Isla Bilboko Epaitegiko 5. Aretoko epaileak, baimena eman du Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea botatzeko. Kukutzako Asanbladak herritarrei dei egin die gaztetxera hurbiltzeko.
20:00etan, bestalde, manifestazioa egingo da Errekalden.
Kukutzako bi atxilotu espetxera bidali ditu epaileak, "desordenes públicos" egotzita [Twitter. Info7]
Atzo Kukutzaren aldekoen eta kontrakoen iritziak entzun ostean, epaitegiak gaur emango du jakitera gaztetxearen inguruko azken erabakia. Epaitegiaren inguruan hainbat hainbat herritar bildu ziren aurreko eguneko poliziaren jazarpena salatzeko. Errekaldeberriz auzotarren elkarteko abokatuak Kukutzaren eraisketaren baimenaren irregulartasunak salatu zituen epailearen aurrean.
Abokatuaren esanetan Cabisari, eraikinaren jabea den enpresari, orain dela zazpi urte bukatu zitzaion Kukutza dagoen lurretan eraikitzeko epea. Abokatuak Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) oinarrituta eman ditu bere argudioak.
Horrez gainera, auzotarrek Kukutza eraikina gune kultural gisa izendatzeko eskatu dute. Eskari bera egin zion duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalari baina honek ez zuen onartu. Orain auzotarrek bere egin dute eskari hori, izan ere, kalifikazio prozeduraren bat martxan dagoen bitartean, eraiste aginduak bertan behera geratu behar dira.
Atzokoan ere Ertzaintza epaitegi kanpoan bildutako herritarren aurka oldartu zen eta gazte bat atxilotu zuen. Eguerdian bukatu zen epailearen aurreko bista eta arratsaldean manifestazio jendetsua egin zuten Errekalde auzoan.