argia.eus
INPRIMATU
Epaitegira joko du ELAk, Tubos Reunidosek plan estrategikoaren gaineko informazioa ematen ez badio
  • Hainbat aldiz eskatu dute sindikatuek zuzendaritzak Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatean aurkeztutako dokumentazioa.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2021eko maiatzaren 05
Tubos Reunidosek Amurrion du lantegia (Argazkia: aiaraldea.eus)

Idazki bana eman zien astelehenean ELAk Tubos Reunidos taldeak Amurrion, Trapagan, Sestaon eta Langraizen dituen enpresetako zuzendaritzei, eskaera bat egiteko: Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatean (SEPI) aurkeztutako dokumentazio osoa ematea.

Tubos Reunidosek 115 milioi euroko erreskatea eskatu zion erakunde horri urte hasieran. Erreskate hori justifikatzeko aurkeztu behar izan du dokumentazioa, etorkizunerako plana eta plan estrategikoa tartean. 

ELAko kideek salatu dute “behin eta berriro” eskatu dituztela dokumentu horiek, baina zuzendaritzak ez dizkiela helarazi, “errekerimendu hori aurkezteko betebehar legala” izan arren.

Gauzak hala, “pazientziak muga bat duela” ohartarazi du sindikatuak, eta informazioa jaso ezean, epaitegira joko duela ziurtatu du. “Tubos Reunidos taldeko langileek eta euren ordezkariek errespetua merezi dute eta taldearen etorkizuneko planak ezagutu behar dituzte. Gure lehentasuna lanpostu eta lan baldintza guztiak bermatzea da”.