argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Administrazioak milaka euro ordaindu beharko dizkie aldi baterako hiru langileri
  • Nafarroako administrazioak aldi baterako hiru langile publikori 35.000 euro, 115.000 eta 50.000 euro ordaindu beharko dizkie, bidegabeko kaleratzeagatik. Hala ebatzi dute Iruñeko lan arloko epaitegiek. Une honetan, aldi baterako langile publikoen 50 espediente baino gehiago ari da tramitatzen LAB sindikatua. Hiru hauek bezalako sententziak izanez gero, Administrazioak kalte-ordainetan milioika euro eman beharko dituela ohartarazi du sindikatuak.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 19a

“Langile asko dago hiru horien egoera berdintsuan”, adierazi du Ainara Elarrek LAB sindikatuaren izenean: “Aldi baterako kontratua gehiegi erabiltzen ari dira, urteak daramatzate aldi baterako langile publikoei eskubideak murrizten, eta, epaitegiek erabakitzen ez duten bitartean, ez dizkiete ordaintzen gradua, antzinatasuna, familia-laguntza eta/edo kaleratzeagatiko kalte-ordainak”.

Datu hauek eman ditu: “Zentzugabea da arlo publikoko kudeatzaileek onartzea beren langileen erdia baino gehiago aldi baterako izatea. LABen kalkulatu dugu LEPera foru administrazioko 10.000 plaza inguru eraman beharko liratekeela, behin-behinekotasuna salbuespenezkoa izan dadin —gehienez ere %8koa—. Administrazio publikoei plantillak behingoz egonkortzeko eta lan-baldintza duinak ziurtatzeko eskatzen diegu”.

"Lege-iruzurra" egin du Administrazioak hiru kasu hauetan

Epaiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken doktrina jasotzen dute. Doktrina hori 2021eko ekainaren 3ko epai batek jaso zuen eta, ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 28ko epai batean jaso zuen. Doktrina horretan jasotzen da zein ondorio izan behar duen administrazio publikoko lanpostu hutsetan aldi baterako langileak denbora luzez eta arrazoirik gabe mantentzeak.

“Hiru kasuetan administrazioan lanean urte asko daramatzaten emakumeak dira”, gaineratu du Barkosek: “Eta deigarria da, halaber, administrazioko lanposturik altuenetan —A mailan, medikuen kasuan bezala— zein posturik baxuenean —ikastetxeen garbitzaileen garai bateko E mailan— gertatzen direla halakoak".

Juantxo Barkos abokatuak argitu duenez, epaitegiek esan dute Administrazioak lege-iruzurra egin duela hiru kasu horietan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten administrazio-kontratuak erabili dituelako. Adibidez, epeei dagokienez, Auzitegi Gorenak hiru urteko epea ezarri du aldi baterako kontratu bat justifikaziorik gabe luzatzen ari dela adierazteko; hau da, ez dago arrazoirik administrazioak lanpostu huts hori hurrengo lan-eskaintza publikoan ez sartzeko, eta hiru urte nahikoa da behar hori ohikoa dela eta ez dela ohiz kanpokoa pentsatzeko. Beraz, halakoetan uste du lege-iruzurra dagoela.