argia.eus
INPRIMATU
Epaitegiaren eskumen arazo bat medio, Xabi Alonsoren aurkako epaiketa atzeratu da
  • Madrilgo Fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatzen du futbol jokalari ohiarentzat, 2010, 2011 eta 2012. urteetan Ogasunari iruzur fiskala egitea egotzita.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 23a

Asteartean hasi behar zen Xabi Alonsoren aurkako epaiketa bertan behera utzi du Madrilgo Probintzia Auzitegiak, kasua epaitzeko eskumena epaitegiak berak duen zalantzan jarri baitu.

Espainiako Ogasunak egindako salaketaren arabera, futbolari ohiak bi milioi euroko iruzurra egin zuen. Hasieran, Madrilgo Instrukzio Epaitegiak ez zuen deliturik ikusi, baina Madrilgo Fiskaltzak helegitea jarri zuen eta epaileak auzia berriro irekitzeko erabakia hartu zuen.

Epaitegiaren erabakia jakin ostean Alonsok adierazi duenez, “ziur nago gauza guztiak ondo egin ditudala, hasieratik lagundu dudala eta inoiz ez dudala ezer ezkutatu, defenditu beharra dut eta justizian konfiantza izan”.

“Horregatik iritsi naiz honaino, eta amaieraraino jarraituko dut borrokan”, gaineratu du futbol jokalari ohiak.

Egun gutxitan jakinaraziko da epaiketarekin jarraitzeko data berria.