argia.eus
INPRIMATU
Epaitegiak errugabetzat jo ditu apustu etxe baten aurkako kartelak jarri zituzten hiru andoaindarrak
  • Andoaingo apustu etxe baten jabeak salatu egin zituen hiru herritar negozio mota horien aurkako kartelak jartzeagatik, koakzioa leporatuta. Epaiketa egin zen maiatzaren 30ean, eta Tolosako epaitegiak deliturik ez dagoela ebatzi du.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko ekainaren 11
Epaiketa dela eta asanblada irekia deitu zuten Andoainen. Argazkia: @JulenBegi

Apirilean Andoaingo bigarren apustu etxea zabaldu zuten Zumea plazan. Negozio mota horrekiko aurkakotasuna adierazi zuten hainbat herritarrek jarraian, aretoaren inguruan kartelak jarriz eta sare sozialetan zabalduz. Apirilaren 16an apustu etxearen jabeak salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzan hiru andoaindarren aurka, salatuak bere “lan funtzio zilegien erabilera askea” oztopatzen ari zirelakoan. Maiatzaren 30ean egin zen epaiketa, eta Tolosako lehen auzialdiko eta instrukzioko 3 zenbakiko epaitegiak ebazpena eman berri du.

Gatazka soziala

Sententziak frogatutzat ematen du salatuek kartelak jarri zituztela herriko Zumea plazan eta inguruetan apirilaren 1ean eta 7an , “Apustu etxeak kanpora. Ez Andoainen ez inon” leloarekin. Epaitegiaren arabera, epaiketan salatzaile eta salatuen arteko gatazka agerian geratu zen, “ez dena ez pertsonala eta ez dagoena salatzaileari zuzenduta”. Sakoneko gatazka bestelakoa da sententziaren arabera: “Andoaingo herritarren kontrakotasuna ingurunean apustu etxeak ezartzeari”. Salatuek abiarazitako kanpainak “jokoaren gizarte arazoez kontzientziatzea” du helburu, eta horren baitan “apustu etxeekiko ondoeza” adierazten du.

Koakziorik ez

Sententziak koakzio delituak eskatzen dituen egitateak zerrendatzen ditu, horietako bat ere ez dela betetzen ebatziz. Batetik, koakzioak indarkeria eskatzen du, “fisikoa”, “morala” edo “gauzen aurkakoa”. Azken horren adibide bezala nabarmentzen ditu zerrailen aldatzea, sarbidea hesitzea edo aretoaren prezintatzea. Tolosako epaitegiaren arabera, kartelak jartzeak eta edukia sare sozialen bidez zabaltzeak ez du biolentziarik suposatzen. Koakzioak “emaitza materiala” eskatzen du ere, eta epaileak dioenez apustu etxearen jabeak ez du frogatu salatuek negozioaren jarduna oztopatu dutenik edo kanpainaren ondorioz etekinek behera egin dutenik. Azkenik eta Epaitegi Gorenaren irizpideak aintzat hartuta, koakzioaren helburu nagusia “inoren askatasuna mugatzea” izan behar duela azpimarratzen du sententziak. Aldiz, mezuen irakurketatik “sinpleki herrian negozio mota horien presentziarekiko desadostasuna” ondorioztatuko litzateke.

Salatzaileak errekurtsoa aurkezteko aukera du, bost eguneko epean eta epaitegi berdinean.

Pizten ari den kezka eta borroka

Apustu etxeen eta joko aretoen aurkako ekimenak eta protestak ugaldu egin dira azkenaldian Euskal Herrian. Eztabaida soziala zabaldu egin da. Herri askotan tokiko aretoen aurkako kanpainak zabaldu dira, Azpeitian, Andoainen eta Gasteizko Judimendi auzoan kasu. Eibar eta Athletic futbol taldeek apustu etxeekin akordioak sinatu izanak eztabaida piztu zuen iaz, eta Errealeko bazkideek galdeketan erabaki zuten taldeak apustu etxeekin kontraturik ez egitea. Ekainaren 23an apustu etxeen aurkako manifestazioa dago deituta Arabako hiriburuan.