argia.eus
INPRIMATU
Epaitegiak arrazoia eman dio sexu-jazarpena salatu zuen Derioko langileari
  • LAB sindikatuak salatu duenez, 2016 amaieratik orain artean Derioko enpresa bateko arduradun nagusietako batek sexu jazarpena egin du azpikontratatutako garbiketa-langile baten aurka. Urtarrilaren 20an Bilboko gizarte gaietarako 7. epaitegiak frogak aitortu ditu eta sexu-arrazoiengatiko jazarpena eman zela dio. Epaiak langilearen kaleratzea deuseztatu du enpresak kalte-ordaina eman beharko dio langileari.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 21a

LAB sindikatuak horrela egin du gertakarien kontakizuna (hemen irakurgai): "Gertakariak 2016. urtearen amaieran hasi ziren, enpresako arduradun nagusienetako bat garbiketa-langilearengana jotzen hasi zenean, kafea eskatzeko. Une horretan hasi zen lehen aldiz harremanetan berarekin sexu-abusu jarraituko egoera bat, gaur egun arte luzatu dena.

Enpresako goi-kargudunak mezuak idatzi zizkion behin eta berriz whatsapp bidez, lan-ordutegitik kanpo eta sexu-garrantzi nabarmenarekin. Behin eta berriz deitzen zuen, batzuetan bost aldiz jarraian eta gaueko ordu txikietan. Behatu eta zerbitzuak ematean kontrolatzen zuen, eta bulegora sartzeko iradokitzen zion. Leku isolatu eta izkutukoetan topo egin zuen, eta tren-geltokiraino ere jarraitu zion.

Denbora honetan guztian langileak ez zuen egoera salatu, errepresaliak jasateko beldurragatik. Enpresa horrek betetzen zuen bere lanaldiaren zatirik handiena, ordu gehien lan egiten zuen zentroa zen. Garbiketa-enpresaren eta bezeroaren beraren ondorio kaltegarrien beldur zen, jazarlea oso kargu garrantzitsua baitzen. Hilabete askoan jasan du etsaia eta umiliagarria zitzaion egoera bat, eta gaixotu egin da azkenean. Gaur egun, antsietate handiko gertakari errepikatuak ditu".

Kalte-ordaina eta lanean berriz hasteko aukera

El Correo egunkariak jaso duenez, 8.000 euroko kalte ordaina ezarri dio Bilboko gizarte gaietarako 7. epaitegiak enpresari, "bere oinarrizko eskubidea urratu delako, sexuaren arabera diskriminatua ez izateko eskubidea". Egunkari berak jasotzen duenaren arabera, epaileak dio langileak "sorpresan" jaso zuela kaleratzea, "batere azalpenik jaso gabe", eta bertan behera utzi du epaileak kaleratze honen balioa.

"Bide juridikotik borrokatuko dugu, baita ekintza sindikal antolatuaren bidez ere"

LAB sindikatuak azpimarratu du emakume langile honen "ausardia": "Lan ingurunean emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria egoerak egunero ematen dira, baina esaten ez den eta salatzen ez den zerbait da. Salatzailearen osotasuna zaintzeko baliabide instituzionalik ez izateaz gain, eta egungo justizia patriarkalak sortzen duen mesfidantzaz gain, beste elementu batzuk ere badaude, hala nola beldurra eta enplegua galtzeko ezkutuko mehatxua".

Sindikatutik iragarri du lan-ingurunean emandako indarkeria matxista bide juridikotik borrokatuko duela, baina baita ekintza sindikal antolatuaren bidez ere: "Elkartasunerako eta elkar zaintzeko mekanismoak aktibatuko ditugu, are indartsuagoak izateko, eta tinko erantzungo dugu emakumeen aurka egin nahi den indarkeria-zantzu txikienaren aurrean".