Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaia berresten du bere erabakiarekin Espainiako Epaitegi Gorenak. Ertzain bakarra izan zen zigortua Iñigo Cabacasen heriotzagatik.
Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak ez ditu onartu Iñigo Cabacasen sendiak eta Juan José de Pablo ertzainak Bizkaiko Probintziaren sententziaren aurka aurkeztutako errekurtsoak, eta epaia berretsi du. Hortaz, Juan José de Pablo ofiziala jarraituko du izaten zigortutako ertzain bakarra Cabacasen heriotzagatik. Bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea ezarri zion epaitegiak. De Pablo kalean esku-hartu zuen operatiboaren arduradun nagusia zen.
Ertzain bakarra zigortua
Bizkaiko epaitegiak operatiboan parte hartu zuten gainontzeko bost ertzainak zigortu gabe utzi zituen, Cabacas hil zuen tiroa nork egin zuen frogatzerik ez zegoela argudiatuta. Epaiak Ertzaintzak egindako ikerketa “eskasa” izan zela adierazi zuen, eta polizia operazioa ez zegoela “justifikatuta”. Ertzaintzako edo Barne Saileko arduradunak ere ez ziren zigortuak izan gertaerengatik.
Zortzi urte joan dira 2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtiriko pilotakada batek Iñigo Cabacas bilbotarra hil zuela, buruan jota.