argia.eus
INPRIMATU
Epaitegi batek lehen aldiz zigortu du Uralita, auzotarrak kutsatzeagatik
  • Cerdanyolako 39 laguni 2 milioi euroko ordaina eman beharko die Uralitak, amianto hautsez kutsatzeagatik. Madrilgo Auzitegiak epai aitzindaria eman du horrela: lehen aldiz zigortu du enpresa bat, ez langileak edo langileekin elkarbizi izandakoak kaltetzeagatik, fabrikaren inguruko auzotarrak ere kutsatzeagatik baizik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko abenduaren 21
Cerdanyola del Vallés hiriaren erdigunean zegoen kokaturik Uralitaren fabrika handia, herritar xumeen etxe ondoan.

Auzitegiak frogatutzat eman du Bartzelonako fabrika irekita egon zen bitartean, 1907 eta 1997 artean, herritarrak kutsatu zituela eta hango mesoteliomak eta biriketako minbiziak lotura zuzena dutela fabrikaren jarduerarekin. Zenbait neumonologok egindako ikerketen arabera hiri hartan amianto edo asbestoarengatik pleurako minbizia izateko arriskua 47 aldiz handiagoa da.

1977an hainbat txosten argitaratu ziren Ripollet eta Cerdanyolako bizilagunak jasaten ari ziren kalteak ezagutarazteko, eta 40ko hamarkadatik aurrera abisuak gero eta ugariagoak ziren mineral kantzerigenoak sortzen zituen gaitzez; baina Uralitak jarraitu zuen amiantoa berdin-berdin produzitzen. Epaileen iritziz enpresak "kontziente" izan behar zuen arriskuaz.

Nolanahi ere, sententzia etorri arte ibilbide luzea egin dute biktimek. Hasiera batean, Madrileko beste epaitegi batek, soilik lantegiko beharginei eta haien senideei onartu zien lotura eta ordain hori –langileen jantziak etxean garbitzen zituzten haien bikoteek, gehienak emakumeak–. Col·lectiu Rondak helegitea jarri zion erabaki horri eta orain Auzitegiak arrazoia eman die. Azken erabakia Espainiako Auzitegi Gorenera eraman dezake enpresak hala ere.