"Beharrezkoa da epaileek beren ideologia ez jartzea legeen gainetik", adierazi du mobilizazioaren sustatzaile Ana Gurpegui Suescunek.
Iruñeko Administrazio Epaitegiak profil elebiduna kendu dio Zizur Nagusiko Udaleko obretako lanpostu bati. Egoera ikusita, udalerriko hainbat eragile “epaileen euskarafobiaren” aurka altxatu dira, eta elkarretaratzea deitu dute. Antolatzaileek mobilizazioarekin bat egitera deitu dituzte Nafarroako euskaltzale guztiak. Otsailaren 8an egingo dute, 17:30ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Honakoek egingo dute bat mobilizazioarekin: Zizurko Euskara Taldea, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Euskararen Defentsarako Sarea, EHE, ELA, LAB, STEILAS, Zizur Nagusiko Geroa bai eta Zizur Nagusiko EH Bilduk.
Gurpeguik adierazi duenez, obretako lanetarako zeuden bederatzi postuetatik bakarrak zuen profil elebiduna, eta hori kendu dute. Argudiatu du lanpostu horretan jendearekin harremanetan egoten zarela: “Kalean gauzatzen da, besteak beste, Olentzeroren eta erregeen ospakizunetan, San Joan bezperako suetan, ikastetxeetan, kultura etxean, Gaztetxean”.
Epaileak, euskararen “aurka”
Gurpeguik azpimarratu du, profil elebidun horren aurka aurkeztu zen lehen errekurtsoan Udalaren alde egin zuela Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta esan zuela “guztiz legezkoa” zela profil elebiduna. Orain, ordea, kontrakoa egin du: “Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen horren aurka beste errekurtso bat jarri zen, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta Epaitegiak udalaren kontrako epaia eman du”.
Epaileen “erabateko euskarafobia” salatu du Gurpeguik: “Epaileek jokatzen dute ezagutuko ez balute bezala Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Espainiak Gutun hori sinatu eta berretsi du”. Nafarroan euskararen ofizialtasuna onartzea “ezinbestekoa” dela aldarrikatu du Gurpeguik: “Beharrezkoa da epaileek beren ideologia ez jartzea legeen gainetik”.