argia.eus
INPRIMATU
Epaileen euskarafobia salatu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean
  • Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Zizur Nagusiko Udalaren aurka eman den azken epaia salatzeko. Udalak langile lanpostu batean ezarritako hizkuntza eskakizuna atzera bota du epaitegiak.

ARGIA @argia 2024ko otsailaren 09a

Zizurko Udalak obretarako bederatzi langile lanpostu atera ditu eta horietako batean hizkuntza eskakizuna ezarri du. Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. epaitegiak baliogabetu egin du, UPNk jarritako helegite baten ondorioz. Aurrez, profil elebidun horren aurka lehen helegitea aurkeztu zenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak udalaren alde egin zuen. Orduan, auzitegiak adierazi zuen euskara eskakizuna ezartzea “guztiz legezkoa” zela. Ebazpen horren aurka beste helegite bat jarri zen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta epaitegiak udalaren kontrako epaia eman du.

Elkarretaratzean, Euskararen aurka, epairik ez pankarta erakutsi zuten eragile hauek: Zizurko Euskara Taldea, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Euskararen Defentsarako Sarea, EHE, ELA, LAB, STEILAS, Zizur Nagusiko Geroa Bai eta EH Bildu.

Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria: "Beti toki berera garamatzate"

Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariaren iritziz, udalak ondo argudiatu zuen euskara maila bat eskatzea, hau da, langile horrek harremanak izango zituen herritarrekin, ikastetxeekin eta kultur etxearekin. Elkarretaratzean parte hartu duen Ana Gurpegui euskaltzaleak langile horrek herritarrekin izango lituzkeen harremanen hainbat adibide azaldu du: Olentzeroren ekitaldia, erregeen desfilea, San Joan bezperako suak… Aurreko hainbat epaitan, hizkuntza eskakizuna eskatzea atzera bota izan dute, argudiatuz langileak ez duela izango herritarrekin harremanik. Zizurkoan, udalak zehaztu du herritarrekin harremana izango duela. Ez du, ordea, ezertarako balio izan. Hala azaldu dio kontu hau Agurne Gaubekak Euskalerria Irratiari: “(…) Baina berdin bota dute atzera. Aitzakia batek balio ez duenean, beste bat bilatzen dute. Beste sententzia batzuetan proportzionaltasuna aipatzen da edo lanpostuak herritarrekin harremanik ez duela. Kasu honetan, hori guztia justifikatu arren, esaten da euskara ezagutzen ez dutenekiko diskriminatzailea dela euskarazko profil hori ezartzea. Kontua da epai hau Euskal Herriko luze zabalean ikusten ari garen estrategia judizial eta politiko baten barruan kokatzen dela”.

Argudioak argudio, Gaubekaren ustez, epaileek “beti toki berera garamatzate”. Ahotsa.info hedabidean esandakoen arabera, euskaraz ez artatzeko eskubidea aldarrikatzen dute batzuek, eta eskubide hori ez dago: “Edozein lanpostu publiko eskuratzeko baldintzak ezartzen direnean, horiek betetzen dituzte, eta inork ez du kontrakorik argudiatzen. Aldiz, euskararena ezartzen denean ikusten dugu nolako jarrerak eragiten dituen”.