argia.eus
INPRIMATU
Epaile euskarafoboen defentsarako eskubidea

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko urriaren 30

Defentsarako eskubidea inoiz egon bada modan, orain da une hori eta Israeli eskertu behar diogu. Palestinarrek bizi nahi dute, gainera non eta Palestinan, nola ez defendatu (proportzionalki beti ere) tamainako erasotik? 75 urte daramatzate horretan. Baina oinpean duzunaren duintasun keinu txikienaren aurrean ere ‘defendatzea’ ez dute sionistek asmatu, munduan goiak eta beheak daudenetik da ohikoa. Pentsa, Israelen lagun kuttunenetarikoak diren AEBetan, historian inbasio eta estatu kolpe gehien burutu dituen gobernuaren sailak Defentsa Departamentu du izena. George Floyden hilketaren beroan sortu zen Black Lives Matter ("beltzen bizitzek axola dute") mugimendutik defendatu beharrak eraman zituen Poliziak Blue Lives Matter ("polizien bizitzek axola dute") sortzera, jende beltza inpunitatez hiltzen jarraitu ahal izateko. Zenbat eraso matxista ez dituzte jaso emakumeek feminismoaren erasoen aurrean gizonon defentsarako eskubidearen izenean?

Gure artera etorrita, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiak egin du berriki defentsarako eskubidearen erabilpen gogoangarria. Epaitegi eta epaileen defentsan atera da irmo, euskaldunen aurka azken aldian eman dituzten ebazpenak kritikatu dituztenen alimaleko erasoen aurrean: euskalgintzak manifestazioa deitu du azaroaren 4rako, Lehendakariak eta Jaurlaritzak ebazpenak kritikatu dituzte; eraso horiek “indarkeria politikoaren kulturarekin” lotu ditu Ibarrak, eta 90eko hamarkadan ezker abertzaleak bultzatu zuen “sufrimenduaren sozializazioaren estrategiarekin”. Tori defentsa proportzionala.

Oinpean duzunaren duintasun keinu txikienaren aurrean ere ‘defendatzea’ ez dute sionistek asmatu, munduan goiak eta beheak daudenetik da ohikoa. Juan Luis Ibarrak  egin du berriki bere erabilpen gogoangarria

1990eko hamarkadan ETAk jomugan zituen epaileak, edo molotov koktelen arrastoekin esnatzen ziren epaitegiak tarteka; gaur manifestazioak antolatzen dira –gutxi–, eta adierazpen kritikoak egin: lehen begi kolpean pixka bat ezberdina eman dezakeena sakonean berdintsua dela irakatsi digu Ibarrak, ez bada berdina. Epaileen artean ez dagoela euskarafobiarik ziurtatu du ere epaile jubilatuak –gehitu zezakeen, akaso, “nola gorrotatuko dugu ezagutu ere egiten ez duguna?”–. Zer egin orduan? 1990eko erasoak kondenatu behar ziren modu berean kondenatu egungoak, jakina.

Eskerrak euskaldunoi begiak zabaltzeko lanak hartu dituela Ibarrak, bere defentsa hitzak entzun arte faltan botatzen bainituen, zer dakit nik, akelarre-escrache bat euskara munduko hizkuntza zailenetarikoa izanik funtzionario bati ezin zaiola ikastea exijitu ebatzi zuen epailearen etxe aurrean, garrasi guturalez (hau da euskaraz) betea. Edo “euskarafoboak akusatuen aulkira” lelodun pintaketaren bat epaitegien sarreretan. Ez iraganaren nostalgiaz, baizik eta euskaraz ahoskatutako etorkizun baten esperantzaz: sinetsita sedukzioa beste direla beharrezkoak malaletxea eta transgresioa eraldaketak eragiteko –euskararen alorrean eta edozeinetan–.

Goikoak defentsarako eskubidearen arma aktibatzeak ez du zertan esan nahi behekoa erasoan ari denik (‘erasoan’ positiboki hartuz) edo indartsu dagoenik. Baina bai bizirik behintzat badagoela, eta ez duela onartzen ematen dioten tokia. Azaroaren 4an, Bilbon, aukera ederra dugu euskarafoboei arrazoi sendoak emateko defentsarako eskubidea beste behin aktibatu dezaten.