argia.eus
INPRIMATU
Epailearen ebazpena “oso positiboa” dela esan du Oier Gomezen abokatuak
  • Epaileak Oier Gomezen kondena eteteko eman duen agindua positiboki hartu dute Sarek, Oiertxo SOS Plataformak eta EH Bilduk, baina gogorarazi dute hau “lehen pausoa” baino ez dela eta preso gasteiztarra oraindik preso dagoela. Azken erabakia asteazkenean emango dute auzitegiek, Gomezen aurkako hiru euroaginduak aztertuko baitituzte.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 25a
Oier Gomezen askatasunaren alde hainbat elkarretaratze egin dituzte asteburuan (Arg.: Sare)

Maritxu Paulus Basurco abokatuak baieztatu du epaileak Oier Gomezen zigorra eteteko eskaerari baiezkoa eman diola. Gogorarazi du ez dela behin betiko erabakia baina epailearen ebazpena “oso positibotzat” jo du asteazkeneko hitzorduari begira.

Sarek “oso begi onez” hartu du albistea, baina berandu heldu dela azpimarratu du eta Gomezen aurkako euroaginduak bertan behera uzteko eskatu du. Euskal jendarteari mobilizatzeko eta aktibatzeko deia egin dio.

Plataforma sortu zutenean finkatu zituzten helburuak bete dituztela esan du Oiertxo SOS Plataformak eta ziurtatu du gakoak gizartearen mobilizazioa, konpromisoa eta elkartasuna izan direla. Hala ere, preso gaixoaren baldintzarik gabeko askatasuna exijitu du, baita euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak bertan behera uztea ere.

Epailearen erabakiarekin pozik agertu da EH Bildu ere eta independentziaz joka dadin eskatu dio Frantziako justiziari, Espainiako Gobernuaren “mendeku politika” jarraitu gabe.

Asteazkenean Oier Etxea gunea prestatuko du plataformak, Gasteizko Urrezko Zeledoien plazan. Bertan elkarretaratze iraunkorra egingo dute, goizeko hamabietatik arratsaldeko zortziak arte, eta euroaginduen ebazpenaren jarraipena egingo dute. Maiatzaren 6an preso gaixoen askatasunaren aldeko manifestazioa egingo dute Gasteizen, Sarek deituta.