argia.eus
INPRIMATU
Epaileak ez du “hilketa saiakeratzat” ikusi emazteari labanaz eraso dion ertzainaren kasua
  • Mehatxu larriak egitea egotzi diote, eta behin-behinean aske utzi dute urruntze agindua ezarrita.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 19a
Martuteneko kartzela, emakumeak erasoaren berri ematera joan zen lekua

Hilketa saiakeragatik atxilotu zuten ertzaina, baina, epailearentzat labana bat erabili zuen arren, “gertatutakoa ez da hilketa saiakeratzat hartzeko bezain larria”. Nagusiki, emazteak eta alabek ez dutelako lesio fisiko larririk. Bi aldeek bertsio kontrajarriak kontatu zituzten epaitegian, eta larunbat arratsaldean bertan geratu zen aske gizona, karguak leporatuta.

Urruntze agindua ezarri diote emazteari eraso egiteagatik behin-behinean aske utzi duten gizonari, eta ezingo du inolaz ere emakumearekin komunikatu. Epaileak mehatxu larriak egitea egotzi dio eta senar-emazteak izatearen larrigarriarekin. Delitu horregatik sei hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra jaso dezake erasotzaileak.

Bi alaba adingabeen aurrean eraso zion emazteari, sukaldeko labana handi batekin. Emakumeak, piper gasa erabilita, alaba txikienarekin batera ihes egin eta laguntza eskatzea lortu zuen. Martuteneko kartzela zaintzen duten poliziengana jo zuten, goizaldeko lauretan. Ertzaintza erasoa gertatu zen etxebizitzara hurbildu zenean, gizona beste alabarekin etxean giltzapetu zen. Poliziak negoziaketaren bidez lortu zuen alaba ateratzea, eta ondoren, erasotzailea atxilotzen utzi zen erresistentziarik jarri gabe.