argia.eus
INPRIMATU
Epaileak errugabetzat jo ditu G7aren goi-bilerak iraun bitartean atxilotutako hiru pertsona
  • Atxilotuak izan ziren zortzi pertsonaren kontrako epaiketa egin da asteartean, eta hiru errugabetzat jo ditu epaileak. Abuztutik espetxean dirauten hiru gazte alemaniarrak ere pasa dira epailearen aurretik, baina atxilo jarraituko dute epaia jakin artean.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 03a
G7aren kontra-gailurrean atxilotutakoak askatzeko exijituz egindako elkarretaratzeetako bat (Argazkia: Topatu)

Asteartean, urriak 1, G7aren goi-bilerak iraun bitartean atxilotuak izan ziren zortzi pertsona pasa ziren epailearen aurretik. Ipar Euskal Herriko Hitzak jakinarazi duenez, horietatik hiru egunean bertan jo zituen errugabetzat epaileak; beste hiruk abenduaren 3an jakingo dute epaia; bati hilabeteko espetxe zigorra jarri zion, gibelamenduaz; eta zortzigarrenari, berriz, zigor arinagoa.

Atxiloketa uneetan arau hausteak egon zirela frogatu zuten sei atxiloturen defentsa egin zuten Legal Team-eko abokatuek. Epaileak eta prokuradoreak onartu egin zituzten poliziak burututako arau-hauste horiek. Ipar Euskal Herriko Hitzak jaso duenez, arau hausteak ondokoak lirateke: “atxilotze agiria ez izenpetzea”, “abokatu bat ikusteko eskubidea ez aipatu izana”, “abokatuaren eta bezeroaren arteko elkarrizketen konfidentzialtasuna ez bermatu izana”, eta “gorputz miaketa arauz kanpokoak”.

Hiru gazte alemaniarrak, espetxean abuztutik

Irailaren 27an, atxilotuak izan zirenetik hilabete pasata, epailearen aurretik pasa ziren Kurt, Theo eta Emile. Hiru gazte alemaniarrak G7aren goi-bileraren ataritan atxilotu zituzten, abuztuaren 21ean, Biarritz inguruetan polizia kontrol batean beren autoa geratu ostean.

Ostiralean Paueko Auzitegian burutu zen hauen aurkako epaiketa. Epaia, baina, ez da jakingo urriaren 17a arte. Ordurarte, atxilo jarraituko dute hiru gazteek. Konspirazio delitua leporatzen zaie, argudiatuz ekintza biolentoak eta delitu arinagoak burutzeko asmoa zutela. Gazteek defendatzen dute Lekeitiora bidean zirela, oporrak igarotzera.