argia.eus
INPRIMATU
Epaile batek bertan behera utzi du grebalari baten kontrako Poliziaren salaketa
  • 2020ko greban Donibanen atxilotutako pertsona bat zigorrik gabe utzi du epaileak. Espainiako Poliziak irainak, petardoak botatzea eta kolpeka erantzutea leporatzen zion grebalariari. Lekuko eta hedabideen bideoak ikusita ordea, epaileak ez du polizia txostenak diona baieztatzeko frogarik aurkitu.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2024ko urtarrilaren 17a

2020ko urtarrilaren 30eko grebako gertakarietara garamatza epaiak. Espainiako Polizia bortizki oldartu zen Iruñeko Donibane auzoan barna zebilen greba piketearen aurka. Tentsio eta tirabiren une batean, polizia batek grebalari bat heldu eta lurrera erori ziren biak. Orduantxe atxilotu zuten epaitutakoa. Polizia salaketaren arabera, atxilotutakoak polizia jo, petardoak bota eta irainak oihukatu zituen. Haien txostenean gainera diote, manifestariek “putasemeak”, “joan zaitezte hemendik” edota “ez zaituzte ezta Extremaduran nahi” esan zietela poliziei.

Epaileak ordea, ez du poliziak esandakoa erakusten duen frogarik aurkitu. Hainbat lekuko eta hedabideren bideoak ikusita ez da aipaturiko oihurik aditzen. Beraz, ez irainik, ezta petardo edota kolperik ere. Epaileak aske utzi du, zigorrik gabe grebalaria.