argia.eus
INPRIMATU
Epaiketaren atarian Cabacasen senide eta lagunei babesa agertu diete
  • Euskal gizarteko ehun pertsona inguruk "erantzuleek inpunitaterik ez edukitzea" eta "justizia egitea" eskatu dute larunbat honetan irakurri duten manifestu batean. Urriaren 15ean Iñigo Cabacasen auzia epaituko da.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko urriaren 02a
Argazkia: Ion Salgado @ion_salgado

Larunbat honetan, irailak 29, esparru ezberdinetako hainbat lagunek sinatutako manifestuaren aurkezpena egin dute Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, "justizia egitea" eta "erantzuleek inolako pribilegiorik ez izatea" eskatu dute.

Horrez gain, urriaren 14an, 19:00etan, Alba lorategietan biltzeko deialdia zabaldu dute. Epaiketa hurrengo goizean hasten da eta epaitegiaren aurrean gaua igaro nahi dute. Horrela, ekimen horrekin, familia eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazi nahi diete. Hau da larunbatean irakurritako manifestua:

Manifestua

2012ko apirilaren 5a zen. Athleticek  Schalke 04 taldearen kontra partidu oso berezia jokatu zuen eta 35 urte eta gero Europa Leageren semifinalerako klasifikatu ostean, milaka bilbotar zein bizkaitarrek kaleak poztasunez eta jai giroz bete zituzten.

Bertan zen Iñigo, lagunen artean, garaipena ospatzen, ertzain multzo bat bertara inguratu eta gomazko balak botatzen hasi  arte. Ertzain  batek  Iñigo zegoen lekura apuntatu, gomazko balak jaurti eta Iñigo larriki zauritu zuen. Apirilaren 9an zenduko zen, autopsiak onartzen duen moduan,  gomazko bala baten  ondorioz. Nabarmendu behar da gomazko balen erabilera Europako herri gehienetan debekatuta dagoen materiala dela.

Bere guraso Manu eta Finak, ez dute berriro bere semearen irribarrea ikusterik izango. Iñigoren lagunek ez dute sekula bere adiskidetasunaz gozatzerik izango. Iñigo hil zuten. Edonor izan zitekeen hildakoa apirilaren 5ko gau horretan, zu, ni, edonor, ospakizunetan kalean izateagatik hil bait zuten Iñigo.

Gure eskubideak babesteko helburua luketenek urratu zioten bizitzeko eskubidea Iñigori, hil ostean, sakonki ikertu eta erantzukizunak hartu  beharrean, heriotza ikertu eta salatzen dutenei oztopoak eta salaketak jarri, zein heriotzaren erantzuleak estaltzen jardun izan dira. Ezin dugu onartu gizahilketa hau argitu gabe geratzea.

Ez dugu beste munduko  ezer eskatu nahi,  solik denen  onurarako  liratekeen lau printzipioren errespetua:

  • Gertatutakoaren egiaren aitortza.
  • Justizia; erantzuleek inolako pribilegiorik gabe egindako kalteagatik erantzun dezaten.
  • Kaltetutako familiari kalte-ordaina.
  • Berriro ez errepikatzeko bermea.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentziari esker