José Javier Osesek epaiketa du uztailaren 2ko asteartean. Ez aurkeztea erabaki du, “epaitutakoa prekarietatearen erregimena” izan beharko litzatekeela iritzita. LABek manifestazioa deitu du egun berean Iruñean, “borroka sindikala aurrera” lelopean.
José Javier Oses LABeko sindikalista epaiketara deitua dago gaur. “Desobedientzia” delitua egozten diote Nafarroako Foruzaingoak eta fiskaltzak, Huerta Peralta enpresako lan-baldintza makurren aurka eta greba eskubidearen alde egindako mobilizazioen testuinguruan. 2.880 euroko isun eskaera du. Osesek epaiketara ez aurkeztea erabaki du: “Desobedientzia leporatzen didate, desobediente izaten jarraituko dugu. Justizia patronalari planto egingo diogu. Ez naiz epaiketara aurkeztuko egin duguna justua delako. Prekarietatearen aurka eta gure eskubideen alde borrokatu dugu. Gauzak aldatzeko gure ilusioa hil nahi dute”.
LABen arabera, sindikalistak epaituak izaten ari diren bitartean ehunka enpresarik lan-legeria urratzen dute inpunitate osoz. Sindikatuak azpimarratu du Foruzaingoa eta fiskaltza izan direla prozesu hau abiatu dutenak: “Non daude polizia ezberdinak, Fiskaltza eta Lan Ikuskapena lan-hitzarmenak urratzen direnean? Non, gure eskubideak urratzen direnean? Non daude langileak hiltzen direnean segurtasun neurriak ez betetzeagatik? Gu jipoitzen, kikiltzen eta sumisioa eta beldurra zabaltzen, Nafarroan inposatu diguten prekarietatearen erregimena sendotzeko”.
Hiru prozesu epaitegietan
Huerta Peralta enpresan aurreko urte amaieran eta honen hasieran garatutako borroka sindikalak ondorio errepresiboak utzi ditu langileentzat. Hiru prozesu penal daude irekiak. Osesen aurkakoa epaiketara heldu den lehena da. Bigarren batean fiskaltzak urte beteko espetxe zigorra eskatu du LABeko bi kideren aurka. Hirugarren prozedura da eskaera aldetik larriena. Huerta Peraltako langile migratzaile baten aurka bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 2.500 euroko isuna eta Espainiar Estatutik bost urtez kanporatzea eskatzen du fiskaltzak.
Oro har sindikalgintzaren aurkako jazarpena eta zehazki LAB pairatzen ari den errepresioa salatzeko “borroka sindikala aurrera” kanpaina abiatu du sindikatu abertzaleak. Astearte honetarako eta Osesen epaiketa egunarekin bat eginik, lelo horrekin deitu du manifestazioa Iruñean.