Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak, beste hainbat ohartarazpenen artean.
Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren sinatzaileetako bat da Espainiako Estatua, eta berau betetzeko hainbat gomendio eman dizkio Europako Kontseiluak, Itunaren seigarren ebaluazioan. Europatik egin diren ohartarazpen eta gomendioak “irmoak” direla ikusita, pozik agertu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia, baina aipatzen diren gomendioetatik harago ere “asko dago egiteke”, gogoratu dute.
Besteak beste, Europako Kontseilutik honako eskaerak egin dizkiote Espainiari. Batetik, Hego Euskal Herrian prozesu judizialak euskaraz egin ahal izatea bermatzeko araudia ezartzea, aldeetako batek hala eskatzen badu. Dokumentazioa euskaraz jasotzeko aukera ere bermatu beharko litzatekeela dio. Hain justu, Behatokiak nabarmendu du hilabete honetan herritar batek erregistratutako kexa: demanda bat euskaraz aurkeztu du eta Azpeitiko auzitegiko epaile batek erantzun dio bost egun dituela demanda gaztelaniaz aurkezteko.
Azken finean, prozesu judizialetan euskara bermatzeko epaileei, magistratuei eta fiskalei euskaraz jakitea eskatzea nahitaezkoa dela adierazi dute Behatokitik: “Momentu honetan, hori ere ez dago”.
Behatokiak gogoratu du hilabete honetan herritar batek erregistratutako kexa: demanda bat euskaraz aurkeztu du eta epaileak erantzun dio bost egun dituela demanda gaztelaniaz aurkezteko
Zonifikazioa amaitzeko
Espainiako Estatuko administrazioek Hego Euskal Herrian eskaintzen dituzten zerbitzuak euskaraz jaso ahal izateko neurriak hartzea beharrezkoa dela ere badio Europako Kontseiluak, eta urratsak eman behar direla Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, batik bat osasun eta gizarte zerbitzuetan euskararen erabilera errazteko.
Beste gomendio azpimarragarri batzuk: Nafarroako zonifikazioak euskararen erabilerarekiko sortzen dituen oztopoak ezabatzea, Estatuko Buletin Ofiziala euskaraz ere izatea, eta ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izatea. Adituek diote, gainera, administrazio publikoetan euskararen ezagutza duten profesional kopurua oraindik urria dela eta horri buelta emateko neurriak hartu behar direla, berdin zerbitzu publikoren bat eskaintzen duten enpresen kasuan ere.
Trebiñuri lotuta, Gaztela eta Leongo administrazioarentzako eskaera bat ere badu txostenak: Espainiako Gobernuarekin batera neurriak har ditzala Trebiñun euskararen irakaskuntza sustatzeko.