argia.eus
INPRIMATU
Epaiketa politikoen aurkako kanpaina nazioartera eramango dute
  • Nazioarteko kanpaina abiatuko dute Askapenak eta Eleak mugimenduak, Euskal Herriaren Lagunak sarearekin elkarlanean. Eskubide zibil eta politikoen defentsaren aldeko jarduna elikatzea da beren asmoa. Bizipen eta hausnarketa pertsonalak elkartrukatuko dituzte beste herrialdeetako eragileekin.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 23a
Gasteizen eginiko prentsaurrekoan eman dute egitasmoaren berri. (Arg: Askapena)

Finkatua dute behin behineko agenda: Erroman apirilaren 1ean; Parisen apirilaren 10ean eta Herrialde Katalanetan apirilaren 15etik 17ra bitartean. Madrilera, Andaluziara, Alemaniara, Eskoziara, Argentinara eta Venezuelara ere zabalduko dute ekimena, asteartean Gasteizen eginiko agerraldian jakinarazi dutenez.

Kanpaina horren baitan, beren esperientzia pertsonalaren berri emango dute Askapenako auzipetu ohiek: atxiloketei loturiko bizipenak, espetxeratzea, tortura salaketak…  Nazioarte mailako “elkartasuna indartzea” da xedea. Bisitatzen dituzten herrialdeetako eragileen bizipen eta ekarpenak ere entzun nahi dituzte, “borrokarako baliagarri” izan dakiekeelakoan. Bestetik, eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko ekimenak iragarri dituzte.

Egitasmoaren bultzatzaileek salatu dute “Euskal Herriko militanteen” aurkako epaiketek indarrean jarraitzen dutela: gaur-gaurkoz, Espainiako Auzitegi Nazionalak hamasei pertsonari finkatu die data, eta zain daude beste asko. Horien artean, akusatuek  torturapean eginiko aitortzetan oinarrituriko epaiketak daudela gaineratu dute. Horri aurre egin nahian, nazioarteko babesa bilatzeari ekin diote: “Argi daukagu internazionalismoak elikatu egiten gaituela”.