argia.eus
INPRIMATU
Epaiketa politikoak salatzeko manifestazio zaratasua eginen dute larunbatean Iruñean
  • Segiko kide izatea egotzita, Iruñerriko hamar gazte epaituko dituzte datorren astean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Manifestazioa 18:00etan Antoniutti parketik abiatuko da “Entzun gaitzatela. Epaiketa politikorik ez” lelopean.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko apirilaren 27a

Maiatzaren 4tik 12ra bitartean epaituko dituzte Iruñerriko hamar gazteak. 2008ko iraila eta azaro artean atxilotu zituzten Segiko kide izatea leporatuta. Inkomunikaziotik atera zirenean torturak salatu eta espetxeratu zituzten. Haietako batzuk hilabete gutxiren buruan fidantza altuak ordainduta aske geratu baziren ere, hiru kartzelan jarraitzen duten oraindik.

Igandeko martxa zaratatsuarekin epaiketa politikoak eta “amaierarik ez duen jazarpenak sortarazten duten haserrea eta sumina” azaleratu nahi dituzte: “Nafarroan dozenaka lagun daude euren jardun politikoagatik espetxeratuak izateko arriskuan. Asaldagarria da nola bere burua demokratikotzat duen erregimen honek jendea bere ideia eta independentziaren aldeko jardunagatik epaitzen eta espetxeratzen jarraitzen duen”.

Epaiketen aurrean erantzuteko eta datozen asteetan eginen dituzten ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du Iruñerriko Herri Harresiak.

Epai garrantzitsuen zain

Irailean hasi zen Segiko kide izatea egitzita 28 gazte independentisten aurkako epaiketa. Fiskaltzak horietako hamabi kargu gabe utzi dituen arren, gazte independentistek epaiketa politiko bat dela salatu dute: “Gure militantzia politikoagatik epaituak izan gara. Horregatik ez diogu legitimitaterik ematen, erabakia edozein dela”.

 28 gazteen epaia ateratzear dagoen bitartean, Gazte Danbadako ekitaldiaren harira auzipetutako zortzi gazteak eta Periko Solabarria maiatzaren 28 eta 29an epaituko dituzte. Horiez gain, Askapenaren aurkako epaiketa sarri hasiko da eta ‘Herrikoen’ auzian zigortutako Ezker Abertzaleko hainbat kidek jarritako helegiteen emaitza laster ateratzea espero dute. Batasunaren aurkako epaiketa azaroan hasiko da, urtebete atzeratu ostean.