argia.eus
INPRIMATU
Autonomo faltsuen lan eredua aldatuko duela esan du Glovok, jabea epaitua izan baino egun bat lehenago
  • Sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Oscar Pierreri langileen eskubideen aurkako hainbat delituengatik. Epaiketa asteartean izan da Bartzelonan, eta astelehenean iragarri du legearen pean kontratatuko dituela 15.000 rider. CGT sindikatuak “fiskaltzaren aurrean aurpegia zuritzeko” erabili duela salatu du.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 04a
Oscar Pierre, Glovoko sortzailea eta zuzendaria Artxiboko irudia

Hainbat urtez legea betetzeari entzungor egin ostean, Glovo enpresaren sortzaile Oscar Pierrek 15.000 rider kontratatuko dituela adierazi du, orain arte erabili duen autonomo faltsuen eredua alde batera utzita. Langileen eskubideen aurkako delitua leporatuta epaitua izan baino egun bat lehenago iragarri du erregularizazioa, eta asteartean epailearen aurrean esan duenez, erabakiak “bake soziala” eta Lan Ikuskaritzarekin “eztabaida” berriak saihestea ditu helburu, nahiz eta hartutako erabakia abian duen auzi penaletik banandu.

Akusazio partikularra CGT sindikatua da eta jakinarazi du Glovok legea urratzeagatik Lan Ikuskaritzaren zenbait ikuskapen; langileen datuak espiatzeagatik eta datuen babes legea ez betetzeagatik hainbat zigor; eta legea urratzen jarraitzeagatik epaiketa penala dituela. Hala, Pierreren erregularizazioa “fiskaltzaren aurrean aurpegia zuritzeko” erabili duela dio sindikatuak.

440 eta 770 milioi euro arteko isun-kumulua

Kontratu berriek 100 milioi euroko eragina izango du enpresan, eta horri 500 milioi baino gehiago gehitu behar zaizkio, isunengatik, BEZagatik eta Gizarte Segurantzari atzeratutako kotizazioengatik.

Isuna orotara 440 eta 770 milioi euro artekoa dela dio zenbait adituk, baina Glovok helegitea aurkeztu du eta oraingoz ez du ordainduko. Aldi berean, banatzaileak enplegatu gisa kontratatuak dituen Just Eat enpresak 295 milioi euro eskatzen dizkio Glovori lehia desleialagatik.

2021eko Rider Legea

Banatzaileen eskubideak “ezabatzea” egotzi dio fiskaltzak Pierreri. Sei urteko espetxe-zigorra ezar diezaiokete 2020an Auzitegi Gorenak ilegaltzat jo ostean, Glovok autonomo faltsuen lan ereduari eutsi ziola egiaztatzen duten zantzu nahikorik egonez gero.

Espainiako Gobernuak 2021ean onartu zuen autonomo faltsuen sistema amaitzeko Rider Legea deiturikoa, baina Glovok errefusatu, eta Lanak salaketa penala aurkeztu zuen. Hala, Gorenaren epaiaren ostean banatzaileak autonomo gisa mantentzea “zilegi” zela esan du Pierrek asteartean epaiketan. Zuzendariaren defentsak azaldu du rider-en lan-baldintzak aldatu zituela orduan, Gorenak ezarritako baldintzetara egokituta, banatzaileak autonomo gisa mantentzeko.

Orain rider asko lanik gabe geratzeko beldur da. Izan ere, autonomo faltsuen sistemak egoera irregularrean zeuden migratzaileak esplotatzeko aukera ematen zuen. CGTk gogorarazi du Glovoko rider-ek autonomo faltsu gisa ordaindutako kotizazioak eskatu ahal izango dizkiotela estatuari.