Indian, hogei minututik behin emakume bat bortxatzen dute, gehienek ez dute salaketarik jartzen, eta salaketa jarritakoan lau bortxatzailetatik bat baino ez dute zigortzen. Indiako emakumeek halako indarkeria matxista eguneroko ogi dute.
Oraingoan ordea, New Delhi hiriburuan 23 urteko emakumea hainbat orduz torturatu eta bortxatu izanak oihartzun ikaragarria izan du, eta emakumeak eta gizonak kalera atera dira. Herritarrek eskatu dute bortxaketaren kontrako lege berri gogorrak egitea, poliziak emakumeak hobeto babestea, eta bide luzeko kanpaina hastea gizarteak emakumeaz duen irudia aldatzeko.
Vicente Ferrer Fundazioko Anna Ferrer zuzendariak adierazi du arazo honen jatorria lege bidez bakarrik ezin dela konpondu, sorburua gehiegikeriak eta doteak dituen gizarte patriarkalean dagoelako; eta gizarte horrek emakumeen aurkako bortxa egoera ugari eragiten ditu.
Sei gizon atxilotu dituzte bortxaketa eta hilketa egotzita, bost heldu eta adingabeko bat dira. Poliziak 1.000 orrialdeko txostena eman dio magistratuari. Indiako Auzitegi Goreneko presidente Altamas Kabir-ek adierazi du epaiketa azkarra egingo zaiela. Dagoeneko saio bat izan dute eta ustezko errudunak ez dira deklaratzera agertu. Hurrengo saioa bihar izango dela adierazi dute eta litekeena da egunero deklaratu behar izatea.
Sanjay Kumar abokatuak adierazi du Saket metropoliko auzitegian akreditatuta dauden 2.500etatik inork ez duela nahi izan akusatuak defendatzerik. Beraz, besterik ezean, ofiziozko abokatuak aritu beharko du. Bost ustezko errudunei bortxaketa eta hilketa egozten zaie eta heriotza-zigorra jaso dezakete.
Informazio gehiago:
Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak Vandana Shiva aktibistak Al Jazeera-ren webgunean argitaraturiko artikuluaz idatzitakoa: Amanat eta Indiako erreforma ekonomiko patriarkalak.